Itxi

Futbola

Hirugarren edizioa

Eibarrek irabazi du Euskal Herria Txapela

Agentziak | Erredakzioa

Reala aurretik jarri da 15. minutuan Isakek egindako golari esker, baina Oliveirak eta De Blasisek emaitza iraultzea lortu dute.

1:29
Garailean, sariarekin

Bideoak (1)

Eibarrek garaipen batekin amaitu du denboraldi-aurrea, Realari Euskal Herria Txapelaren hirugarren edizioan irabaziz. Donostiarrek ez dute azken metroetan asmatu eta armaginek merezita eraman dute saria.

Mendilibarren taldea nagusi izan da lehen zatian, eta gola egiteko aukerak izan ditu, baina Remiro ondo aritu da atepean eta txuri-urdinak izan dira aurkariaren atea zulatu duten lehenak, Isak suediarrak egindako gol ederrari esker.

Baina Eibarrek ondo jokatzen jarraitu du eta lanak saria izan du, Paulo Oliveirak lortutako berdinketarekin. Gol gehiago egiteko aukerak ere izan dituzte, baina atsedenaldira banakoarekin iritsi dira.

Bigarren zatian, Willian Josek min hartu du eta horrek donostiarren jokoa baldintzatu du. Hala ere, Isakek partida ederra egin du aurrean. Hala ere, golaz gain izandako aukerarik garbiena ezin izan du aprobetxatu Yoelek geldiketa bikaina egin duelako.

Amaierarako 20 minuturen faltan, Eibarrek garaipenaren gola lortu du Alvarezen eta De Blasisen arteko jokaldiari esker. Argentinarra izan da baloia donostiarren ate barruan sartu duena.

Odegaard real Madrileko jokalariak jokaldi onak egin ditu azken minutuetan, eta Zurutuzak ere berdinketa lortzeko aukeraren bat izan du, baina markagailuan ez da aldaketa gehiagorik izan.

Fitxa teknikoa

1.- Reala: Remiro; Zaldua, Llorente, Zubeldia (Navas, 57. min), Rodrigues; Zubimendi (Rubén Pardo, 46. min), Zurutuza, Odegaard; Roberto López (Petxarroman, 75. min), Isak eta Willian José (Alain, 32. min).

2.- Eibar: Yoel; Tejero, Oliveira, Bigas (Calavera, 33. min), Cubero; Álvarez, Escalante; De Blasis; Orellana (Bravo, 85. min), Kike García eta Sergi Enrich (Mesa, 70. min).

Golak: 1-0, 15. min: Isak. 1-1, 21. min: Oliveira. 1-2, 72. min: De Blasis.