Futbola
Portugaleteko jokalaria
Yaser Hamed euskal futbolariak Palestinako selekzioarekin jokatuko du
A.B.
Yaser Hamed Mayorrek 21 urte ditu, eta Leioan jaiotakoa da. Yaserren aita Gazakoa da; ama, aldiz, Miranda de Ebrokoa. Asia Mendebaldeko Kopa jokatuko du Palestinarekin.
-
Yaser Hamed Mayor. Argazkia: @clubportugalete
Yaser Hamed Mayor 21 urteko euskal futbolaria da, Hirugarren Mailako Portugalete taldean jokatzen du, eta Palestinako selekzioak deitu du Asia Mendebaldeko Kopa jokatzeko. Nazionalitate bikoitza du; espainiarra eta palestinarra.
Leioan jaiotakoa da Yaser. Haren aita Gazakoa (Palestina) da, eta, ama Miranda de Ebrokoa (Burgos, Espainia). Duela pare bat hilabete Palestinako hautatzailearen deia jaso zuen Yaserrek, eta duela bi aste berriz deitu zion hautatzaileak, deialdiaren berri emateko. Euskal futbolariak baiezkoa eman zion Palestinako entrenatzaileari, nahiz eta jakin badakien etorkizunean Espainiako selekzioak deituz gero, ezingo duela Espainiarekin jokatu.
Uztailaren 15ean 'stage'a egingo du Palestinako selekzioarekin. Ondoren, abuztuan Asia Mendebaldeko Kopa jokatuko du, eta irailean hasiko da 2022ko Qatarreko sailkapen faseko partidak jokatzen Palestinarekin.
Leioan jaio zen Yaser Hamed Mayor 1997ko abenduaren 12an, eta, Athletic, Arenas eta Romo taldeen harrobietan jokatutakoa da. Gallartan jokatu zuen Erregional Lehen Mailan, eta bertan egindako denboraldi onak Barakaldorekin denboraldi-aurrea egiteko aukera eman zion. Santurtzin (Hirugarren Maila) jokatu zuen 2017-2018 denboraldian, ondoren, Leioak fitxatu zuelarik. 2018-2019 denboraldiari Leioan (Bigarren B Maila) ekin zion, baina neguko merkatuan Portugaletera (Hirugarren Maila) joan zen.