Futbola
2022ra arte
Zidane, Real Madrileko entrenatzaile berria
eitb.eus
Santiago Solari kargugabetzea erabaki du klubak, eta Zinedine Zidanek zuzenduko du lehen taldea, 2022ko ekainaren 30era arte.
Real Madrilek astelehen honetan iragarri du Zinedine Zidane dela lehen taldeko entrenatzaile berria 2022ko ekainaren 30era arte, eta Santiago Solari kargugabetu egin duela.
Zidanek 2016ko urtarrilaren 4an hartu zuen Real Madrileko lehen taldea zuzentzeko ardura, bigarren taldea entrenatzen ibili ostean. Egoera zailean hartu zuen taldea, eta Txapeldunen Liga irabaztea lortu zuen, hamaikagarren Europako Kopa Real Madrilen historian. 2016-2017 denboraldian, Liga eta Txapeldunen Liga (hamabigarrena) irabazi zituen. Gainera, Europako Superkopako eta Kluben Munduko Txapelketako tituluak eskuratu zituen. 2017-2018 denboraldian berriro Txapeldunen Liga irabazi zuen, hirugarrena jarraian, hamahirugarren Europako Kopa klubaren historian. Hala ere, 2018-2019 denboraldia hasi aurretik, Real Madril entrenatzen ez jarraitzea erabaki zuen.
Zidanek karguan ez jarraitzea erabaki ostean, Julen Lopeteguik hartu zuen Real Madril zuzentzeko ardura, 2018ko ekainaren 12an. Euskal entrenatzailearen aginduetara, taldeak ez zituen emaitza onak lortu, eta kargugabetua izan zen 2018ko urriaren 29an. Egun horretan Santiago Solarik ordezkatu zuen Lopetegui, eta argentinarraren esanetara ere, Real Madrilek ez zuen norabidea zuzendu.
Solari entrenatzaile zela, Real Madril astebetean geratu zen titulurik irabazteko aukerarik gabe. Bartzelonaren aurka galdu zuen Errege Kopako finalerdietako itzuliko partida (0-3) Bernabeun, eta kanporatuta geratu zen. Lau egun beranduago, Ligako partida galdu zuen Barçaren aurka (0-1), berriro Bernabeun, eta Liga irabazteko aukerarik gabe geratu zen. Ondoren, martxoaren 5ean, Ajaxen aurka galdu (1-4) zuen etxean, Txapeldunen Ligatik at geratuta final-zortzirenetan.