Itxi

Futbola

ERREGE KOPA

Valentziak bere alde jarri du kanporaketa bi gol kontra izan ostean (2-2)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Lorenek eta Joaquinek abantaila bikoitza eman diote Betisi, baina valentziarrek norgehiagoka berdintzea lortu dute partidako azken 20 minutuetan.

  • Parejo eta Carvalho baloi baten borrokan

    Parejo eta Carvalho baloi baten borrokan. Argazkia: EFE

Valentziak garaiz erreakzionatu du ostegun honetan Betisen aurka, eta neurketa berdintzea lortu du, markagailuan 2-0eko emaitza izan ondoren, Benito Villamarinen jokatu den Errege Kopako finalerdietako joaneko partidan. Gameirok luzapenean sartu duen golak abantaila txiki bat emango dio Marcelinoren taldeari, eta hura baliatzen saiatuko dira otsailaren 28an, Mestallan, erabakiko den kanporaketan.

Norgehiagokaren lehen zatian, erritmo handiz jardun dute bi taldeek, indarrak parekatuta egon dira eta edozeinek har zezakeen aurrea markagailuan. Azkenean, baina, etxekoak izan dira lehenak kolpatzen.

Geldikako jokaldi batean, Sergio Canalesek erdiraketa arriskutsu bat egin du area barrura. Sidnei taldekideak buruz jo du baloia, baina Loren Moron aurrelaria izan da baloia sare barrura bidali duena, buruz errematatuta. Horrela heldu dira atsedenaldira (1-0).

Bigarren zatian, Joaquinek etxekoen aldeko bigarrena erdietsi du, korner batean baloia zuzenean ate barrura bidalita. Gol olinpikoa sartu du jokalari andaluziar beteranoak.

Emaitza horrekin, zail jarri zaie kanporaketa valentziarrei. Marcelinok aldaketak egin ditu, ordea, eta zelairatu berrietako batek, Gameirok, hain zuzen ere, bere taldea suspertu du. Izan ere, frantziarrak ezker hegaletik egindako erdiraketa bat aprobetxatu du Cheryshevek markagailuko aldea murrizteko.

Ondoren, handik minutu gutxira, Atletico eta Sevilla taldeetan aritutako aurrelaria bera izan da Valentziaren bigarren gola erdietsi duena, eta gol horrek kanporaketan abantaila txiki bat hartzea ahalbidetu dio bere taldeari.

Fitxa teknikoa:

Betis 2: Joel Robles, Mandi, Bartra (Javi Garcia, 10. min), Sidnei, Junior (Francis, 80. min); Canales, Lo Celso, William Carvalho, Guardado, Joaquin eta Loren (Jese, 78. min).

Valentzia 2: Jaume Domenech, Cristiano Piccini, Ezequiel Garay, Gabriel Paulista, Gaya; Carlos Soler (Wass, 78. min), Coquelin (Kondogbia, 58. min), Dani Parejo, Cheryshev, Rodrigo Moreno eta Santi Mina (Gameiro, 58. min).

Golak: 1-0, 45. min: Loren. 2-0, 54. min: Joaquín. 2-1, 70. min: Cheryshev. 2-2, 92. min: Gameiro.

Epailea: Carlos del Cerro Grande. Txartel horiak: Junior (Betis); Rodrigo, Carlos Soler eta Parejo (Valentzia).