Futbola
FIFA
Luka Modricek irabazi du munduko jokalari onenaren The Best saria
eitb.eus
Jokalari kroaziarrak Txapeldunen Liga irabazi zuen Real Madrilekin eta txapeldunorde izan zen Munduko Txapelketan. Cristiano Ronaldo eta Salah gainditu ditu bozketan.
-
Luka Modric, 2018ko The Best sariaren irabazlea. Argazkia: EFE
Luka Modricek irabazi du 2018ko munduko jokalari onenaren The Best saria. Emakumeen mailako jokalari onenaren The Best saria Marta Vieira da Silvak irabazi du, Brasileko selekzioarekin 2018ko Amerika Kopako txapeldun izanda.
Cristiano ez da joan ekitaldira, abuztuaren 30ean egin zen UEFAren ekitaldira joan ez zen bezala. Lionel Messi ere ez da The Best ekitaldian egon. FIFAk antolatutako ekitaldia Londreseko Royal Festival Hallean egin da.
Modricek Txapeldunen Liga irabazi zuen Real Madrilekin eta txapeldunorde izan zen Kroaziarekin Errusiako Munduko Txapelketan. Gainera, Mundialeko jokalari onena aukeratu zuten.
Modric eta Marta, bakoitza bere garaikurrarekin. Argazkia: EFE
Entrenatzaile onenaren saria Didier Deschampsek irabazi du, Fratziarekin Munduko Txapeldun izan ostean. Deschampesek, Zinedine Zidane (Txapeldunen Ligako irabazlea) eta Zlatko Dalic (Munduko Txapelketako txapeldunordea Kroaziarekin) gainditu ditu bozketan. Emakumezkoen futboleko entrenatzaile onenaren saria Reynald Pedrosek irabazi du, Olympique Lyonekin Frantziako ligako eta Txapeldunen Ligako txapeldun izan ostean.
Thibaut Courtoisek jaso du atezain onenaren saria, baina urteko hamaikako onenean De Gea egon da atezain moduan, Sergio Ramos, Varane, Marcelo, Alves, Modric. Kante. Hazard, Mbappe, Cristiano Ronaldo eta Messi jokalariekin batera. Salahek jaso du gol onenaren Puskas saria.