Itxi

Futbola

San Mamesen

Euskal Selekzioa-Venezuela (3-1): Garaipena, euskal futbolaren jaian

Erredakzioa

Gurpegik, Labakak eta Munianek egin dituzte garaipenaren golak bigarren zatian. Giroa aparta izan da San Mamesen eta zaleek partida zirraragarria ikusi ahal izan dute.

San Mameseko harmailak gainzeka egon dira Euskal Selekzioaren itzulera bertatik bizitzeko. Giroa aparta izan da partida hasi baino lehenagoko minutuetan eta zaleek ozenki animatu dituzte jokalariak. Joseba Etxeberriari eginiko omenaldia beroa izan da eta Elgoibarrekoak ohorezko sakea burutu du zaleen txalo zaparrada jasoz. Etxeberria Euskal Selekzioarekin partida gehien jokatu dituen jokalaria da.

Iribarrek eta Etxarrik hamaikako erasokorra jarri dute lehen zatian, Zurutuza, Xabi Prieto, Gabilondo, Aranburu eta Llorenterekin eta etxekoak lehen minututik erasora joan dira. Hala ere Venezuelak eman du lehen ezustekoa, Gorka Iraizozek geldiketa bikaina egin behar izan duelako norgehiagokako 15. minutuan.

Euskal Selekzioak erasoan jarraitu du eta lehen zatiko 23. minutuan Igor Gabilondok aukera aparta izan du falta jaurtiketa batean. Hala ere, gipuzkoarraren zartakoa Venezuelako atezainak ederki desbideratu du. Zurutuzak beste aukera paregabe bat izan du 25. minutuan, baina bere ezkerkada gora joan da. Partidako 31. minutuan Venezuelak ezustekoa eman du eta Vizcarrondok 0-1ekoa jarri du markagailuan, falta jaurtiketa bat ederki errematatuz. Iribarren mutilek atsedenaldira arte guztia eman dute, baina Cesar Fariasen taldeak oso ondo eutsi du defentsan.

Zarauzko entrenatzaileak hamaikakoa ia guztiz aldatu egin du bigarren zatian eta Toquero, Susaeta, Muniain, Agirretxe eta Javi Martibnez erasora irten dira. Usurbilgo aurrelariak aukera onak sortu ditu eta gutxigatik ez du partida berdindu 47. minutuan burukada eder batekin. 49. minutuan Javi Martinezek ere burukada ona batekin aukera paregabea izan du, baina nafarraren errematea kanpora joan da. Etxeko taldeak saklatzen jaraitu du eta Venezuela atzean sartu zen emaitzari heldu nahian. Toquerok aukera bikotza izan du 53. minutuan, baina Venezuelako atezainak bikain erantzun dio aurrelari gasteiztarrari.

54. minutuan heldu da Euskal Selekzioaren lehen gola, Gurpegik zartako paregabe baten ondorioz. Andosillako erdilariak jaurtiketa ona egin du eta baloiak defentsa bat jo ostean sare barrura joan da 1-1ekoa jarriz. Berdinketarekin Euskal Selekzioa gora etorri da eta 69. minutuan Labakak 2-1ekoa jarri du. Realeko jokalariak ondo irakurri du Susaetaren korner erdiraketa eta bigarren zutoinean agertuz gola lortu du. Xabi Alonso zelairatu du Iribarrek Gurpegiren ordez eta etxekoak erasoan murghildu dira berriro. 85. minutuan Iker Muniainek 3-1ekoa lortu du ezker hankarekin Venezuelako atezaina gaindituz. Athleticeko jokalari nafarra selekzioarekin gola lortu duen jokalari gazteena bilakatu da honela. Azken emaitza 3-1ekoa izan da San Mamasen, giro aparta izan den norgehiagoka eder batean.

- Fitxa teknikoa:

3 - Euskal Selekzioa: Iraizoz (Riesgo, m.46); Oier, Ansotegi (Labaka, m.46), Amorebieta (Mikel Gonzalez, m.46), Sirieix (Koikili, m.46); Gurpegui (Xabi Alonso, m.60), Aranburu (Javi Martinez, m.46; Xabi Prieto (Susaeta, m.46), Zurutuza (Toquero, m.46), Gabilondo (Muniain, m.46); eta Joseba Llorente (Agirretxe, m.46).

Selekzionatzaileak: Jose Angel Iribar eta Mikel Etxarri.

1 - Venezuela: Dani Hernandez; Romero (Rivero, m.72), Vizcarrondo, Perozo, Fuenmayor (Granados, m.59); Guerra (Febles, m.83), Evelio Hernandez (Francisco Flores, m.67), Di Giorgi, Orozco (Jesús Gómez, m.46; Angel Flores, min.93); Mario Rondon (Chourio, m.59) eta Arismendi (Del Valle, m.67).

Selekzionatzailea: Cesar Farias.

Golak: 0-1, m.31: Vizcarrondo. 1-1, m.55: Gurpegui. 2-1, m.70: Labaka. 3-1, m.86: Muniain.