Futbola
Eurokopa 2020
San Mamesen jokatuko ditu Espainiak Eurokopako bi partida gutxienez
eitb.eus
2020ko Europako txapelketara sailkatzen bada, Espainiako futbol selekzioak Bilboko zelaian jokatuko ditu, gutxienez, bi partida.
-
Aduriz jugando con la Selección española
Espainiako futbol selekzioak, sailkatzen bada, gutxienez bi partida jokatuko ditu San Mamesen 2020ko Eurokopan. Hamabi hiritan jokatuko da txapelketa.
E multzoko partidak hartuko ditu Bilboko zelaiak, Dublineko Aviva Stadiumekin batera. Gainera, San Mamesek final-zortzirenetako neurketa bat hartuko du.
UEFAk erabaki duenez, "egoitza duen herrialde bakoitzak gutxienez multzoen faseko bi partida jokatuko ditu etxean". Espainia, beraz, Eurokoparako txartela eskuratzen badu, E Multzoan izango da automatikoki, eta fase horretako bi norgehiagoka Bilbon jokatuko ditu.
Bina egoitzatan jokatuko dira multzo bakoitzeko neurketak, hurrengo moduan banatuta:
• A Multzoa: Erroma eta Baku
• B Multzoa: San Petersburgo eta Kopenhague
• C Multzoa: Amsterdam eta Bukarest
• D Multzoa: Londres eta Glasgow
• E Multzoa: Bilbo eta Dublin
• F Multzoa: Munich eta Budapest
Bilbok, Kopenaguek, Amsterdamek, Bukarestek, Glasgowek, Dublinek, Budapestek eta Londresek final-zortzirenetako neurketa bana hartuko dute, eta Erromak, Bakuk, San Petersburgok eta Munichek, final-laurdenetako bana.
Gainera, final-erdiak eta finala Londresen izango dira.