Itxi

Futbola

LaLiga

Entrenamenduetara bueltatu dira lehen mailako euskal taldeak

eitb.eus

Alaves, Athletic, Eibar eta Realeko jokalariak lanera bueltatu dira asteburuko norgehiagokak ahalik eta modu onenean prestatzeko asmoz.

  • Ivan Ramis (Eibar), bere taldekideekin batera entrenatzen. Argazkia: EiTB

    Ivan Ramis (Eibar), bere taldekideekin batera entrenatzen. Argazkia: EiTB

Entrenamenduetara itzultzen goiztiarrena Eibar izan da. Armaginek Depor hartuko dute Ipuruan, eta galiziarrak gailentzen saiatuko dira orain dauden jaitsiera postuetatik lehenbailehen ateratzeko, eta, bide batez, konfiantza berreskuratzen lagunduko duen emaitza on bat lortzen.

Hartara, albiste onekin hasi dute astea Mendilibarren mutilek, Ivan Ramis normaltasunez jardun baita besteekin batera, eta, itxura denez, Deporren aurka igande eguerdian (12:00) jokatzeko gertu egongo da.

Athletici dagokionez, albiste nagusiena Iker Muniaini egindako ebakuntza izan da. Nafarrak eskuin belauneko lotailu gurutzatua hautsi zuen Europa Ligan, Zorya Luhansk taldearen aurka jokatutako partidaren amaieran, eta gaur pasatu da ebakuntza-gelatik.

Zuri-gorriek Sevilla izango dute hurrengo aurkaria San Mamesen. Larunbatean jokatuko dute partida hori, arratsaldeko 13:00etan.

Realak eta Alavesek, bere aldetik, elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak Mendizorrotzan, larunbat arratsaldean. Gipuzkoarren kasuan Iñigo Martinez eta Adnan Januzaj lesionatuak hobetzen ari dira, eta euren kasa aritu dira entrenatzen. Mutrikuarrak sei norgehiagoka galdu ditu, eta aurrelari belgikarrak, berriz, ezin izan zuen Betisen aurka jokatu. Zubeldia eta Rulli taldearekin batera entrenatu dira.

Arabarrei dagokienez, ateak itxita egindako entrenamendu batekin ekin diote aste honetako jardunari. Denboraldiko bigarren euskal derbia larunbatean jokatuko da, 18:30etik aurrera, Mendizorrotzan.