Futbola
Errusia 2018
Cristiano Ronaldo eta Messi gabeko Munduko Kopa?
A.B.
Portugal eta Argentina ez daude Errusia 2018rako txartel zuzena ematen duten postuetan eta txapelketak, munduko bi jokalari onenen parte-hartzea gal lezake.
-
Cristiano Ronaldo eta Lionel Messi. Argazkia: EFE
2018ko Errusiako Munduko Koparako txartelak lortzeko sailkapen faseak azken txanpan daude. Alemania, Ingalaterra, Espainia, Belgika eta Brasil sailkatuta daude, baina Argentinak, Portugalek, Kolonbiak edo Txilek ez dute sailkapena ziurtatuta, eta kanpoan gera litezke.
Argentinari jardunaldi bakarra falta zaio sailkapen fasea bukatzeko eta une honetan, kanpoan dago, ez dago errepeska postuetan ere. Azken jardunaldian garaipena lortu behar du Argentinak Ekuadorren aurka, gutxienez errepeska ziurtatzeko. Garaipenak sailkapen zuzena emango dio Txilek Brasili irabazten ez badio, Kolonbiak eta Peruk berdintzen badute, edota Peruk Kolonbiari irabazten badio Argentinak irabazten duena baino gol kopuru txikiagoarekin. Porrotak, ordea, Munduko Koparik gabe utzi dezake Argentina, nahiz eta errepeskara sailkatu daitekeen galduz gero ere.
Portugalek, aldiz, bermatuta du gutxienez errepeska jokatuko duela. Europako txapelduna bigarren da bere multzoan Suitza liderrarengandik hiru puntura, jardunaldi bakarraren faltan. Azken jardunaldian Suitzaren aurka jokatuko du Portugalek. Suitzak 2-0 irabazi zion Portugali lehen itzuliko partida.
Gauzak horrela, Argentina eta Portugal Errusiako Munduko Kopara sailkatzen ez badira, txapelketak ez du izango Cristiano Ronaldo eta Lionel Messi munduko bi futbolari onenen parte-hartzea.