Futbola
San Mamesen
Euskal Selekzioak Tunisia hartuko du San Mamesen
Mikel Dominguez | eitb.eus
2017ko Afrikako Nazioen Kopa prestatzen ari da Tunisia, eta ez dio erraz jarriko euskal futbol selekzioari.
Tunisiako selekzioa hartuko du, Gabonetako partidan, Euskal Selekzioak, ostiralean 20:30etan San Mamesen. Euskal futbolaren festa, zaleek lagunduta, zuzenean emango dute ETB1ek eta eitb.eus-ek.
Jose Mari Amorrortu eta Mikel Etxarri hautatzaileek 22 jokalari deitu dituzte: Aritz Aduriz, Mikel Balenziaga, Eneko Boveda, Xabier Etxeita, Gorka Iraizoz, Ander Iturraspe, Sabin Merino, Iker Muniain, Mikel San Jose, Markel Susaeta (Athletic), Yuri Berchiche, Mikel Gonzalez, Asier Illarramendi, Iñigo Martinez, Mikel Oyarzabal, Xabi Prieto, Joseba Zaldua (Reala), Ander Capa, Dani Garcia (Eibar), Manu Garcia, Gaizka Toquero (Alaves) eta Oier Olazabal (Granada).
Tunisiak, bestalde, serio hartuko du neurketa. FIFA ranking-ean 34. postuan dago. Henryk Kasperczak poloniarrak entrenatutako selekzioa Afrikako Nazioen Kopa prestatzen ari da. 2017ko edizioa Gabonen izango da.
Etxarrik "hiru erdiko atzelari" dituen eta "gol gutxi" egiten eta jasotzen duen taldea espero du aurrean. "Talde erakargarria, indartsua eta gogorra", esan zuen Euskal Futbol Federazioaren presidente Luis Mari Elustondok.
Kataluniatik datoz tunisiarrak. Gerard Lopezen selekzioaren aurkako lagunarteko partida jokatu dute. Youseff Msaknik hiru gol egin zituen, eta Kataluniak berdindu ostean, penaltietan irabazi zuten tunisiarrek, Gironako Montilivi zelaian.
Euskal Selekzioak Tunisia hartu zuen 2011n San Mames zaharrean, eta kanpokoek irabazi zuten (0-2). Euskal Selekzioaren etxeko porrot bakarra izan da Galesen aurka 2006an galdu zuenetik.
Euskaldunen etxeko azken neurketa, San Mamesen ere, Kataluniaren aurka izan zen, 2014an (1-1). Maiatzean Korsikan irabazi zuten penaltietan, 90 minutuetan Korsikak eta Euskal Selekzioak bana egin ostean.