Futbola
Kashimari 4-2 irabazita
Real Madril, munduko txapeldun
Erredakzioa
Madrileko taldeak Kluben Munduko Txapelketa irabazi du Kashimaren aurka garaipena lortuta (4-2) finalean. Cristiano Ronaldok hat-tricka egin du.
Real Madril Munduko Txapeldun izendatu da igande honetan finalean Kashima Antlers taldeari 4-2 irabazita. Uste baino gehiago sufrituta eta luzapenaren beharrarekin lortu du garaipena Madrileko taldeak.
Zinedine Zidanek zuzentzen duen taldeak 8. minutuan hartu du aurrea markagailuan Benzemaren golari esker (1-0). Ondoren, kontrolpean izan du partida Real Madrilek, baina lehen zatiko azken 10 minutuetan Kashima nagusi izan da, eta japoniarrek lehia berdintzea lortu dute atsedenaldira iritsi orduko Shibasakiren gol baten bitartez (1-1).
Bigarren zatiaren hasieran Kashimak bigarren gola sartu du (1-2). Shibasaki izan da berriro golegilea. Real Madrili maldan gora jarri zaio neurketa, baina partida azkar berdintzea lortu du. Lucas Vazquezi penalti argia egin diote, eta Cristiano Ronaldok binakoa (2-2) sartu du 11 metroetatik. Norgehiagokaren azken minutuetan Kashimak garaipena lortzeko abaguneak izan ditu, baina partida bina (2-2) berdinduta bukatu da, eta lehiak luzapena behar izan du.
Luzapenean Real Madril nagusi izan da, eta lehen zatian garaipena bideratuta utzi du. Cristiano Ronaldok 3-2koa sartu du 98. minutuan eta CR7k berak neurketa erabakita utzi du (4-2) hat-tricka sartuta, 104. minutuan.
Fitxa teknikoa:
4- Real Madril: Navas, Carvajal, Ramos (Nacho, m.108), Varane, Marcelo; Casemiro, Kroos, Modric (Kovacic, m.106); Lucas Vazquez (Isco, m.80), Cristiano Ronaldo (Morata, m.112) eta Benzema.
2- Kashima Antlers: Sogahata; Nishi, Ueda, Shoji, Shuto; Endo (Ito, m.102), Shibasaki, Ogasawara (Fabricio, m.67), Nagaki (Akasaki, m.114); Kanazaki y Doi (Suzuki, m.88).
Golak: 1-0, m.9: Benzema. 1-1, m.44: Shibasaki. 1-2, m.52: Shibasaki. 2-2, m.60: Cristiano Ronaldo (p.). 3-2, m.98: Cristiano Ronaldo. 4-2, m.104: Cristiano Ronaldo.
Epailea: Janny Sikazwe (ZAM).