Futbola
EURO 2016
Espainiak kostatako garaipena lortu du Txekiar Errepublikaren aurka
Erredakzioa
Espainiako Selekzioak 1-0 irabazi du Eurokopako bere estreineko partida eta D multzoko liderra da Kroaziarekin batera. Piquek sartu du gola 87. minutuan. Adurizek debuta egin du EURO 2016an.
Espainiak 1-0 irabazi dio Txekiar Errepublikari Eurokopako D multzoko lehen jardunaldiko partida. Kostata lortu du garaipena Del Bosquek zuzentzen duen taldeak Piquek 87. minutuan sartu baitu partidako gol bakarra.
Lehen zatian jaun eta jabe izan da Espainia eta bederatzi abagune izan ditu. Aukera onenak Morataren oinetatik iritsi dira; Juventuseko aurrelariaren jaurtiketa bat Peter Cech atezainak geratu du, eta beste errematea gutxigatik kanpora joan da. Partida golik gabeko berdinketarekin (0-0) iritsi da atsedenaldira.
Bigarren zatian ere Espainia izan da nagusi, baina txekiarrak sendo ibili dira defentsan eta espainiarrek ez dute erraztasunik izan gola sartzeko. Azken minutuetan Espainiak erasora jo du bete-betean eta 87. minutuan Gerard Piquek sartu du 1-0ekoa. Gola norgehiagokaren azken txanpan iritsi da, eta garaipena eman dio Espainiako Selekzioari.
D multzoko lehen bi postuetan daude Kroazia eta Espainia. Kroaziak igandean jokatu zuen Turkiaren aurka eta 0-1 irabazi zuen Luka Modricek sartutako gol bati esker.
Adurizen debuta Eurokopan
Aritz Aduriz Athleticeko aurrelariak txapelketa handi batean debuta egin du Espainiako Selekzioarekin. 61. minutuan zelairatu da Alvaro Morata ordezkatuz. Adurizek partida ona jokatu du, bi abagune izan eta espazioak ireki ditu. Maila ona eman du euskal aurrelariak.
Fitxa teknikoa:
1 - Espainia: De Gea; Juanfran, Pique, Sergio Ramos, Jordi Alba; Busquets, Cesc (Thiago, 70. min), Iniesta; Silva, Nolito (Pedro, 82. min) eta Morata (Aduriz, 62. min).
0 - Txekiar Errepublika: Cech; Kaderebaek, Sivok, Hubnik, Limbersky; Theo Gebre Selassie (Sural, 84. min), Plasil, Darida, Krejci, Rosicky; eta Necid (Lafata, 75. min).
Gola: 1-0, 87. min: Pique.
Epailea: Szymon Marciniak (Polonia).