Itxi

Futbola

Errege Kopa

Bartzelona, Kopako txapeldun

Erredakzioa

Partidako 90 minutuak goilk gabe (0-0) bukatu dira, eta luzapena jokatu behar izan da. Jordi Albak 1-0ekoa sartu du luzapeneko lehen zatian eta Neymarrek 2-0ekoa sartu du azken minutuan.

Bartzelonak 2-0 irabazi dio Sevillari Errege Kopako finala eta txapeldun izendatu da. Partida oso parekatua izan da, eta luzapenean erabaki da txapelduna. Jordi Alba eta Neymar izan dira golegileak.

Partida hasiera parekatua izan da. Bartzelona izan da baloiaren jabe eta Sevilla eroso egon da bere zelaian sartuta kontraerasora ateratzeko zain. Lehen abagunea Bartzelonak izan du 9. minutuan, baina Suarezen errematea indarge kanpora joan da Iniestaren pase bikaina jaso ostean. Sevillaren erantzuna 18. minutuan etorri da; Vitolok jokaldi ona egin du, pasea eman dio Cokeri eta honek oso gaizki egin du errematea. Alvesek 30. minutuan area kanpotik egin duen jaurtiketa Sergio Rico atezainak defendatzen duen ateko zutoina urratuta kanpora joan da. 36. minutuan Gameirok baloia hartu, areara sartzera joan eta area zapaldu orduko Mascheranok falta egin dio. Ondorioz, Barçako jokalari argentinarrak txartel gorria ikusi du, eta Bartzelona jokalari bat gutxiagorekin geratu da. Falta jaurtiketa Banegak egin du, eta Ter Stegen atezainak gola eragotzi du gelditu bikaina eginda.

Bigarren zatia hasi bezain laster Sevillak gola sartzeko abagune ona izan du, baina Banegaren jaurtiketa zutoinera joan da. Unai Emeryk zuzentzen duen taldea izan da baloiaren jabe eta Bartzelona atzean sartuta egon da. 65. minutuan baloia Krychowiakek jaso du area barruan, jaurtiketa egin eta kanpora joan da Piquerengan jo ostean. Hortik aurrera Sevilla izan da nagusi, eta Ter Stegenen ate ingurura arriskua eraman duten arren, ez dute abagune argiegirik sortu. Partida amaierara iritsi baino lehen Bartzelonak kontraerasoa antolatu du, Neymar areara sartzeko zorian egon da, eta Banegak falta egin dio. Epaileak falta adierazi eta txartel gorria atera dio Banegari. Arauzko denbora golik gabe bukatu (0-0) eta luzapenera joan da norgehiagoka.

Luzapenean Bartzelona nagusi izan da, neurri handi batean, Sevillako jokalarien nekearen eraginez. Talde andaluziarrak asteazkenean jokatu zuen Europa Ligako finala eta igarri egin da berdegunean. Barçak luzapenean izan duen lehen abagunean gola sartu du. Messik pase ona eman dio Jordi Albari eta honek 1-0ekoa sartu du. Golaren ostean Bartzelonak beste bi gol sartzeko abaguneak izan ditu, baina Ricok erantzun ezin hobea eman dio Piqueren erremateari lehenengo eta Alvesen jaurtiketa indartsuari jarraian. Honenbestez bukatu da luzapeneko lehen zatia. Bigarren zatia joan-etorrikoa izan da, eta bi taldeetako bat ere ez da abagune argiak sortzeko gai izan. Bi taldeak lehertuta egon dira, eta erritmoa oso motela izan da. Azken minutuetan epaileak bi txartel hori jarraian atera dizkio Carriçori ustez Messiri egindako falta bategatik. Sevillako jokalariak baloia jo du, Messik antzerkia egin eta protesta egiteagatik bigarren txartel horia atera eta egotzi egin du epaileak. Azken minutuan, Neymarrek partida erabakita utzi du 2-0koa sartuta.

Fitxa teknikoa:

2.- Bartzelona: Ter Stegen; Alves, Piqué, Mascherano, Alba (Sergi Roberto, 120. min); Rakitic, Sergio Busquets, Iniesta (Rakitic, 46. min); Messi, Luis Suarez (Rafinha, 57. min) eta Neymar Jr.

0.- Sevilla: Rico; Mariano (Konoplyanka, 78. min), Rami, Carriço, Escudero; Krychowiak, Banega; Coke, Iborra (Llorente, 105. min) Vitolo; eta Gameiro.

Golak: 1-0, 96. min: Jordi Alba; 2-0, 120+2. min; Neymar.

Epailea: Carlos del Cerro Grande.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Errege Kopa