Itxi

Futbola

Igandean, derbia

Reala, bolada bikainean; Athletic, Europari begira

EITB.EUS

Eusebioren gizonek Championseko zenbakiak dituzte bigarren itzulian; Valverderen taldeak, bere aldetik, seigarren postutik oso gertu jarraitzen du.

  • De la Bella, Susaeta eta Zurutuza, lehen itzulerako partidan. Argazkia: EFE.

    De la Bella, Susaeta eta Zurutuza, lehen itzulerako partidan. Argazkia: EFE.

Igandean jokatuko dute euskal derbia Athleticek eta Realak (San Mamesen, 18:15ean). Txuri-urdinak bolada bikainean daude, eta azken hiru partidetan bederatzi puntu lortu dituzte, hamar gol egin eta bakarra jaso; zuri-gorriek, euren aldetik, gertu-gertu dute seigarren postua, alegia, datorren urteko Europako Ligarako txartela bermatzen duen azkena, eta dagoeneko atzean utzi dute egutegi oso gogorra (izan ere, sailkapeneko lehen, bigarren eta laugarrenaren aurka jokatu dute azken asteotan). Bakoitzak bere garaian, Athleticek duela hainbat hilabete eta Realak azken jardunaldietan, bi taldeek nabarmen egin dute gora sailkapenean Ligako hasieratik, eta, txapelketa amaitzeko hamalau partida geratzen direla, biak daude buru-belarri Europara bueltatzeko borrokan.

Athleticek etxean jokatuko du derbia, eta zazpigarren postuan egingo dio aurre partidari (Celtak eta Eibarrek Balaidosen jokatuko dute elkarren aurka, larunbat gauean, eta neurketa horretako emaitzak lehoien zazpigarren postu hori arriskuan jar lezake). Talde bizkaitarrak joan den astean zegoen seigarren postua galdu du, Bernabeun galdu ostean, eta orain Eibar dago, hain zuzen ere, seigarren, 36 punturekin; Athleticek 35 ditu. Ernesto Valverderen gizonek lehen lau sailkatuetako hiruren aurka jokatu dute azken asteotan (Bartzelona, Real Madril eta Vila-realen aurka), eta puntu bakarra erdietsi dute arerio horien kontra, baina bigarren itzulia hasi zenetik jokoan izandako beste seiak eskuratu dituzte (Eibarri, Bilbon, eta Getaferi, etxetik kanpo, irabazita). Bigarren itzuliko partidak bakarrik kontuan izango lukeen sailkapena egingo balitz, Athletic bederatzigarren postuan legoke bertan: bost jardunalditan zazpi puntu lortu ditu, zortzi gol sartu eta hamabi jaso.

Reala, Championseko zenbakiekin

Bigarren itzuliko balizko sailkapen horri begiratuta islatzen da ondoen nolako gorakada egin duen Realak. Talde gipuzkoarra laugarren postuan legoke, alegia, Championseko postuan, hamabost puntuetatik hamar lortuta. Bartzelona (15 puntu), Real Madril (13) eta Sevilla (11) bakarrik izango lituzkete aurretik Eusebioren gizonek, eta Atletico legoke haiekin berdinduta (Atletico Ligako liderra zen duela aste batzuk). Txuri-urdinak, gainera, aise ari dira golak egiten: bigarren itzuliko bost partidetan, hamabi sartu dituzte (bi baino gehiago, partidako). Rullik, aldiz, zazpi gol jaso ditu, horietatik bost Sportingen aurkako partidan, Molinonen.

Realak asko egin du gora sailkapenean, eta une honetan hamargarren postuan dago, 30 punturekin. Las Palmas dago 18. tokian, lehen jaitsiera-postuan, 21ekin; hortaz, badirudi arriskua gainditu dutela donostiarrek eta bakarrik Europarako lehian bete-betean sartzeko borrokan pentsatu ahal dutela. Athletic-Real igandeko derbia garrantzi handia izan lezake, bi taldeentzat, lehia horren barnean.