Futbola
De Gea - Keylor
Real Madrilen ateko aldaketa, gauerdian zapuztuta
Agentziak | Erredakzioa
Madrileko taldearen asmoen kontra, David de Gea Manchester Uniteden geratuko da, kontratua ez zelako garaiz heldu. Keylor Navasek ez du Madril utziko.
David de Geak Real Madrilekin fitxatu behar zuen atzo, baina kontratua ez zen garaiz heldu Santiago Bernabeuko bulegoetara, eta ez zuten gauerdia baino lehen bidali Ligara. Abuztuaren 31n bukatzen zen fitxatzeko epea, eta Madrileko taldeak eta Manchester Unitedek zapuztuta ikusi dute ateko aldaketa. Keylor Navas fitxatu behar zuen Unitedek.
Azken unera arte itxaron zuten David de Gearen transferentzia egiteko. Florentino Perezen taldeak eta Manchester Unitedek akordioa lortu zuten De Gea 30 milioi euroren truke fitxatzeko, hedabide batzuen arabera. Keylor Navasek Madrilen jarraitu nahi zuen, baina Unitedera joatea onartu zuen, 15 milioi euro eta soldata igoera baten truke.
Agiriak, baina, ez ziren garaiz heldu. Real Madrilen arabera, Ingalaterrako taldeak 23:59an bidali zituen paperak, eta orduan bidali zizkioten Ligari. Ligak, baina, 00:28an jaso zituen; hau da, epez kanpo.