Itxi

Futbola

Atletico-Deportivo

Deportivoko zale bat hil da, Madrileko istiluen ondorioz

Erredakzioa

Istilu larriak izan dira Vicente Calderonetik gertu, Atleticoko eta Deporreko zaleen artean, eta egoera kritikoan zegoen Deportivoko zalea hil egin da. Poliziak hogeitalau lagun atxilotu ditu.

1:02

Larri zegoen Deportivoko zalea hil egin da, Atletico Madrilgo eta Galiziako taldeko zaleen artean izandako istiluen ondorioz. Liskarretan, Manzanares ibaira bota dute 43 urteko gizona. Ospitalera egoera kritikoan eraman dute, baina ezin izan du bihotz-geldiketa gainditu.

24 atxilotu eta 13 zauritu

Istiluak 09:00etan hasi dira, Deportivoko zaleak Vicente Calderonera hurbildu direnean. Beste 12 zauritu daude. Atleticok eta Deporrek 13. jardunaldiko partida jokatu dute gaur, 12:00etan.

Poliziak hogeitalau lagun atxilotu ditu. Horien artean, Frente Atleticoko, Riazor Blueseko (Deportivoko ultrak), Alkor Hooliganseko (Alcorconeko ultrak), eta Bukaneroseko (Rayo Vallecanoko ultrak) zaleak. Ikerketa hasi baino ez da egin, eta litekeena da hurrengo orduetan atxilotu gehiago egotea. Atleticok istiluak "irmo gaitzetsi" ditu. Atxilotuak astelehenetik aurrera egongo dira epailearen esku.

LFP partida atzeratzen saiatu da, baina ezin izan da

"LFPk partida bertan behera utzi nahi izan du, baina ez da posible izan", dio Profesionalen Futbol Ligaren oharrak. Espainiako Futbol Federazioa da erabaki hori har dezakeen erakunde eskudun bakarra, eta LFPren arabera, ezin izan du RFEFrekin harremanetan jarri.

Deialdia mugikorretik

Ultrek liskarra antolatu ote zuten ikertzean ari da Polizia. Aste honetan, gaurko "deialdiari" buruz hitz egin omen dute hainbat forotan, iturrien arabera.

Erasoa Coruñako Atleticoren peñan

Coruñako Atleticoren peñan zeuden bi laguni eraso egin diete gaur eguerdian. Sei kaputxadun izan dira, eta ondorioz bi lagun zauritu dira. Gertaera Parroquia tabernan gertatu da, Merced eta Jacinto Benavente kaleen elkargunean. Bati ukabilkada eman diote, eta bestea botila batekin kolpatu dute.