Futbola
Bayernera
Xabi Alonso: 'Motibazioa behar dut'
Erredakzioa
Ostegunean igaro zituen azterketa medikoak tolosarrak Alemaniako taldearekin. Laster iritsiko da Pep Guardiolako taldera. 'Beste leku ezberdin batean hasi behar dut berriz', esan du agurrean.
Bayern Munichek Xabi Alonso fitxatu duela baieztatu du Real Madrilek, atzo azterketa medikoak igaro ostean. Hurrengo orduetan helduko da tolosarra Pep Guardiolaren taldera.
Lehenago, Tolosako erdilariak agur esan die Real Madrileko zaleei Santiago Bernabeuko prentsa aretoan, euren "maitasuna" eskertuz eta "klubaren balioak" goraipatuz. "Hau bezalako talde baten barruan zaudenean, bere tamainaren garrantziaz jabetzen zara. Hamargarren Europako Kopa irabazi ostean, garai berri bat irekitzen zela sentitu nuen, eta zintzotasunez jokatu nahi nuen", esan du Alonsok.
Alonsoren arabera, Real Madrilek Tony Kroos fitxatu izanak ez du zerikusirik izan erabakiarekin, ziur dagoelako berak ere "minutu asko jokatuko lituzkeela". "Ez da amorrualdi bat izan", esan du. Futbolaria bere ibilbidean emandako aldaketa handi baten barnean kokatu du Alemaniara joatea: "Mailarik onenean egoteko aldaketa hau behar dudala uste dut, gehiago motibatzeko".
Urtarrilean berritu zuen kontratua Alonsok Real Madrilekin. Bost denboraldi jokatu ditu han. 2009an heldu zen, Liverpooletik. Liga bat, bi Errege Kopa eta Txapeldunen Liga bat irabazi ditu.
Xabi Alonsok ezin izango du Ipuruan jokatuko, orain dela 14 urte ibilbidea hasi zuen zelaian, behintzat denboraldi honetan. Eibarreko zelaian jokatzeak ilusioa piztu zuen tolosarrean. "Zorionak Eibar. Izugarria, lortu duzue. Ipuruan ikusiko dugu elkar", idatzi zuen igoera egunean. Eibarreko akzioduna da Alonso gainera.
Espainiako futbol selekzioa ere utzi du Xabi Alonsok. "Etapa hori ixteko momentua zen", esan du Alonsok.