Itxi

Futbola

Beste puntu bat gehiago

Eibarrek berdinketa lortu du Gironaren aurka (1-1)

Erredakzioa

Urko Verak sartu du lehenengo gola, baina Orduñok norgehiagoka berdindu du, Gironarekin jokatzen duen bere lehenengo partidan.

1:56

Eibarrek igoera postuetan jarraituko du, baina ez du Bigarren Mailako lider bezala oheratuko. Talde armaginak puntu ona lortu du Gironaren aurka (1-1) Montilivin.

Partida Eibarren erasoekin hasi da. Lehenengo minutuetan aukerak egin ditu talde armaginak, batez ere Dani Garciarena, urrunetik, eta Moralesen falta jaurtiketa bat. Nagusitasun hori, ordea, denbora igaro ahala lasaitu da, eta bi taldeen jokoa berdindu da.

Gironak baloi errezak izan ditu lehenengo zatian, eta aukerak egin dizkio Eibarri. Jofrek baloia erdiratu du 30. minutuan, inor heldu gabe, eta Eloi Amagaten jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora, 34.ean. Hurrengo jokaldean Eibarrek sartu du gola, baina epaileak baliogabetu du, jokoz kanpo egoteagatik.

Lehenengo baliozko gola bigarren zatian heldu da. Kanpoko taldeak kontrolpean izan du egoera, Gironaren saiakerei kontraerasoekin erantzunez, Urko Verak, titularra berriro ere, lehenengoa sartu duen arte, 61. minutuan. Eizmendiren kontrol eta pase bikainak ondo aprobetxatu ditu eta ezkerreko zutoinetik hurbil sartu du baloia. Poztasunak oso gutxi iraun du. Hurrengo minutuan, debuta egin duen Orduñok markagailua berdindu lortu du korner batean.

Erritmoak bukaerara arte jarraitu du. Etxeko taldeak geldikako jokaldietan sortu ditu aukerak. Eibarren gehienak, aldiz, Verarenak izan dira, baina azkenean, berdinketarekin amaitu da neurketa. Emaitza ona da Eibarrentzat, goiko postuetan mantenduko baita.

Golak:

0-1, 61. min: Urko Vera.

1-1, 62. min: Orduño.