Futbola
1-0 Urko Veraren golarekin
Eibarrek aurrera egin du Kopan Teneriferi irabazita
Erredakzioa
Armaginek 1-0eko emaitzarekin irabazi dute Ipuruan jokatutako partida, eta hirugarren kanporaketarako txartela lortu dute. Urko Verak sartu du partidako gol bakarra, 53. minutuan.
-
Urko Vera Teneriferi sartutako gola ospatzen. Argazkia: EiTB
Eibarrek 1-0 irabazi dio Teneriferi Ipuruan, eta aurrera egin du Errege Kopan. Armaginek Kopako hirugarren kanporaketa jokatzeko txartela lortu dute.
Etxeko taldea baino gehiago izan da Tenerife lehen zatian, eta Checuren bitartez izan du lehen gola sartzeko abagunea. Ayozek eta Adayk arriskua sortu dute Diego Rivas atezainak defendatutako atean, eta Eibarrek abagune bakarra izan du lehen 45 minutuetan Peleteiroren bitartez. Atsedenaldira iritsi orduko Diego Rivasek erantzun bikaina eman dio Chechuren erremateari, eta lehen zatia golik gabe amaitu da.
Eibarrek baloiaren jabe izaten utzi dio Teneriferi, eta estrategia horrek fruituak eman dizkie armaginei. 53. minutuan Urko Verak sartu du 1-0ekoa Jota Peleteiroren jokaldi bati amaiera bikaina emanda.
Azken minutuetan, Tenerife saiatu da partida berndidu eta luzapenera bidaltzen, baina Eibarrek ondo eutsi dio, eta armaginak sailkatu dira hurrengo kanporaketarako.
Fitxa teknikoa:
1 - Eibar: Diego Rivas, Kijera, Añibarro, Arregi, Capa (Morales, 68. min), Navas, Errasti, Eizmendi (Diego Jimenez, 77. min), Lillo, Jota eta Urko Vera (Arruabarrena, 89. min).
0 - Tenerife: Roberto; Salva, Bruno, Alberto, Javi Moyano; Chechu (Guillem, 75. min), Ricardo, Oscar Rico, Aday (Aridane Santana, 64. min), Kike Rivero (Ros, 64. min) eta Ayoze.
Golak: 1-0, 53. min: Urko Vera.
Epailea: Daniel Ocon.