Futbola
Aurkezpena Bartzelonan
Tata Martino: 'Aurten titulurik ez irabaztea porrot handia litzateke'
Erredakzioa
"Ez dut uste Messik eta Neymarrek batera jokatzeko arazorik izango dutenik. Izatekotan, entrenatzailearen errua litzateke, ez jokalariena", esan du Rosarioko entrenatzaileak.
-
Gerardo 'Tata' Martino, aurkezpen ofizialean. Efe.
Gerardo 'Tata' Martino Bartzelonako entrenatzaile berriaren arabera, "porrot handia litzateke" talde kataluniarrak datorren denboraldian titulurik ez irabaztea, izan ere, "irabaztera ohituta dagoen taldea da eta bere jokalariak munduko onenen artean daude".
Tata Martinok onartu duenez, ez zuen "inoiz ere" uste Bartzelona bezalako talde bat zuzenduko zuenik. Hala ere, jakin badaki aukera Tito Vilanovaren osasunak okerrera egin duelako iritsi zaiola.
Martinoren ustez, Bartzelonak arrakasta lortzeko eredu jakin bat dauka, eta ez da komeni eredu hori aldatzea. Horrez gain, taldeko jokalariek "une gozo ugari" bizi dituzte azken urteetan, eta hori ere kontuan hartzeko egoera da.
Andoni Zubizarreta taldeko zuzendari teknikoak, berriz, argi utzi du Vilanovaren egoeraren berri izan ondoren, entrenatzaile berria "azkar" kontratatu zutela, berarekin telefonoz zenbait alditan hitzeginda: "Orduan argi izan genuen gure entrenatzailea izan behar zuela".
Messi eta Neymar, batera
Martinoren arabera, Messik eta Neymarrek oso ondo ulertuko dute elkar berdegunean: "Ezin dut pentsatu ere egin arazorik izango dutenik. Eta izango balute, errua entrenatzailearena izango litzateke, ez jokalariena", azaldu du.
Tata Martino arratsaldean Oslora joango da larunbatean Bartzelona eta Valerenga talde norvegiarraren arteko lagunarteko partida ikusteko.