Itxi

Futbola

Kopako finala

Atletico Madrilek irabazi du Errege Kopa, luzapenean (1-2)

Erredakzioa

Mirandak lortu du gol erabakigarria luzapeneko 8. minutuan. Cristiano Ronaldok markagailuan goitik jarri du Real Madril, baina Diego Costak berdinketaren gola eskuratu du atsedenaldiaren aurretik.

  • Atletico Madril 2013ko Errege Kopako txapelduna. Argazkia: EFE

    Atletico Madril 2013ko Errege Kopako txapelduna. Argazkia: EFE

Atletico Madrilek bere hamargarren Errege Kopa irabazi du Real Madrili 1-2 irabazita, Santiago Bernabeu estadioan. Cristiano Ronaldok 1-0ekoa lortu du lehenengo zatiko 13. minutuan, baina Diego Costak norgehiagoka berdindu du, atsedenaldia heldu aurretik. Gol erabakigarria Miranda defentsak egin du luzapeneko 8. minutuan.

Jose Mourinhoren mutilak jaun eta jabe izan dira lehenengo zatiko minutuetan, eta Cristiano Ronaldok 1-0ekoa jarri du (13. minutua) Santiago Bernabeu estadioko markagailuan. Portugaleko izarraren errematea sareetara joan da zuzenean, eta Atletico Madrilek ezin izan du erantzunik eman. Modricek eta Xabi Alonso tolosarrak partidaren kontrola hartu dute, eta zuri-gorrien kontraerasoek ez diote minik eman Real Madrili.

Hala ere, pixkanaka, Simeoneren taldeak erasoan gehiago sakatu du, eta Falcaoren jokaldi eder baten ondoren, Diego Costak berdinketaren gola eskuratu du (1-1). Jarraian, Modricek zurien bigarrena lortzeko abagune ederra izan du, baina kroaziarraren jaurtiketa kanpora joan da. Atsedenaldia heldu aurretik Ozilek aukera paregabea izan du, baina alemaniarraren erremate gogorra zutoinera joan da.

Atsedenaldiaren ostean bi taldeak erasoan murgildu dira, eta norgehiagokak intentsitate handiago izan du. Filipe Luisek urruneko saiakera egin du, 59. minutuan, baina bere ezkerkada kanpora joan da, gutxigatik. Real Madrilek erantzun ona eman du, baina Benzemaren jaurtiketa zutoinera joan da, eta Ozilen errematea Juanfranek ate azpitik atera du.

Cristiano Ronaldok falta jaurtiketaz Courtois ezustekoan hartu nahi izan du, baina bere saiakera zutoinera joan da. Mourinhok txartel gorria ikusi du protesta egiteagatik, baina bere taldeak berdegunean agintzen jarraitu du. Hala ere, 90 minutuak bukatu direnean markagailuan 1-1ekoak jarraitzen zuen.

Luzapenean talde zuri-gorria nagusi izan da Santiago Bernabeun, baina Real Madrid sendo egon da defentsan. Diego Costak gola lortzeko abagune argia izan du, eta Diego lopez atezainak gelditu erabakigarria egin behar izan du. Hala ere, 98. minutuan Mirandak 1-2koa jarri du markagailuan. Zentralak sareetara bidali du Kokeren erdiraketa ikusgartria, eta Simeoneren mutilak aurretik jarri dira. Ozilek neurketa berdintzeko abagune ona izan du, baina Thibaut Courtoisek gelditu ikusgarria egin du. Cristiano Ronaldok txartel gorria ikusi du, eta Atletico Madrilek finala irabazi du.

-- Fitxa teknikoa:

1 - Real Madril: Diego Lopez; Essien, Sergio Ramos, Raul Albiol, Coentrao (Arbeloa, 91. minutuan); Khedira, Xabi Alonso; Modric (Di Maria, 91. minutuan), Özil, Cristiano Ronaldo; eta Benzema (Higuain, 91. minutuan).

2 - Atletico Madril: Courtois; Juanfran, Miranda, Godin, Filipe; Arda Turan (Christian Rodriguez, 110. minutuan), Mario, Gabi, Koke (Raul Garcia, 112. minutuan); Diego Costa (Adrian, 106. minutuan) eta Falcao.

Golak: 1-0 14. minutuan: Ronaldo. 1-1, 35. minutuan: Diego Costa; 1-2, 99. minutuan: Miranda.