Futbola
Ikerketa
Real Madril ustezko laguntza ilegalengatik ikertzen ari dira
Erredakzioa
Madrileko klubak laguntza publiko ilegalik jaso duen ikertzen ari da Europako Batzordea, hango bozeramaile baten arabera.
-
Santiago Bernabeu. Argazkia: EFE/Artxiboa.
Real Madrilek legez kanpoko laguntza publikoak jaso dituen ikertzen ari da Europako Batzordea, The Intependent egunkariak argitaratu duenez. Lehiaren defentsarako Europako eledun Antoine Colombaniren arabera, "Real Madrilen egoera ikertzen ari da Batzordea, baita aurkeztu diren beste alegazio berdintsuak ere".
Europako agintariek ez omen dute erabaki "ikerketa formal bat" abiaraziko duten ala ez, informazioa aztertzen ari direlako. Erresuma Batuko egunkariaren arabera, legez kanpo dagoen laguntza Real Madrilen eta Madrileko Udalaren arteko 1996ko akordio bat izango litzateke, Santiago Bernabeuren inguruko lursailak ustez hartu zituen eragiketa, hain zuzen.
Real Madrilen inguruko ikerketa Ligako beste taldeak ere aintzat hartzen dituen prozesu baten barnean kokatzen da. Batzordeko presidenteorde Joaquin Almuniaren arabera, "zenbait Estatutako hiritarrek eta elkartek laguntza publiko horien inguruko informazioa bidali ondoren" hasi dituzte ikerketak. Espainiako zenbait klubi zor fiskala eta kotizazio soziala murriztu ote zaien aztertzen ari dira.
2004an, Real Madrileko Kirol Hiriaren salmentari buruzko ikerketa formal bat artxibatu zuen Europako Batzordeak, ez zuelako zantzurik ikusi. Aurtengo martxoan, Holandako bost klub zigortu zituzten, zenbait eragiketa baldintza onuragarrietan egiteagatik.