Futbola
Europe League
Atleticok alferrikako garaipena lortu du Errusian
Erredakzioa
Bestalde, Levantek final-zortzirenetarako sailkapena baieztatu zuen. Horrela, txapelduna lehiaketatik at geratu da. Eden Hazardek Chelsea luzapenetik salbatu zuen 92. minutuan.
-
Radamel Falcao etsita lehiaketatik kanpo geratu eta gero. EFE
Europe Leagueko final-hamaseirenetako itzuliko partidak Atletico Madril, egungo txapelduna, lehiaketatik at utzi zuen; Chelseak bapo sufritu behar izan zuen, luzapena Eden Hazarden gol batekin (92. minutua) saihestu baitzuen, eta Levantek final-zortzirenetarako sailkapena baieztatu zuen.
Lehiaketatik kanpo geratu zen faborito bakarra ez zen talde madrildarra izan. Steaua Bukarestek Ajax hartu zuen mendean, penalti jaurtiketetan. Aurten finala Amsterdam Arenan jokatu behar dute eta etxeko taldea Europa Leaguetik at geratu da jadanik. Era berean, Viktoria Plzenek Napoli kanporatu zuen eta Zenitek Liverpool. Hala ere, Ingalaterrako taldea kanporaketa iraultzeko zorian egon zen, Anfielden 3-1 irabazita.
Interrek eta Tottenhamek, ostera, ez zuten hutsik egin. Horrela, final-zortzirenetako kanporaketak honakoak izango dira: Viktoria Plzen-Fenerbahce, Benfica-Bordele, Anzhi-Newcastle, Stuttgart-Lazio, Levante-Rubin Kazan, Basilea-Zenit eta Steaua Bukarest-Chelsea.
Atletico ez da hurrengo kanporaketan izango, nahiz eta Errusian aurpegia eman. Simeonek hamaikakoan hainbat aldaketa egin zituen (Radamel Falcaok eta Joao Mirandak bakarrik eutsi zioten lekuari, Valladolideko hamaikakoarekin alderatuta). Madrilgo taldeak joaneko partidako emaitza txarrari buelta emateko borondatea azaldu zuen Moskuko Luzhniki futbol-zelaian.
Baina txapelduna lehiaketatik at geratu da. Rubin Kazanek Levante hartuko du orain. Levantek Michelen Olympiacos erraz hartu zuen mendean, Grezian; izan ere, Valentziako taldea 0-1 nagusitu zen.