Futbola
0-2 Atletico Madrilen aurka
Rubin Kazanek Orbaizen golari esker bideratu du kanporaketa
Erredakzioa
Atletico Madrili 0-2 irabazi dio talde errusiarrak Calderonen. Asenjoren huts baten ondorioz etorri da 0-1ekoa, eta 0-2koa jokalari nafarrak sartu du 95. minutuan.
-
Orbaiz Kuzminekin batera Calderonen bigarren gola sartu ondoren. Argazkia: EFE
Rubin Kazanek ezustekoa eman zuen Atletico Madrili 0-2 irabzita Vicente Calderonen. Talde errusiarrak bideratuta utzi zeun Europa Ligako final-hamaseirenetako kanporaketa.
Partidako bosgarren minutuan lortu zuen lehen gola Rubin Kazanek. Asenjok ez zuen ondo desbideratu Rondonek egindako jaurtiketa, eta Karadenizek 0-1ekoa sartu zuen. Atsedenaldira iritsi orduko, talde errusiarra hamar jokalarirekin geratu zen Sharonovek bigarren txartel horia ikusi zuelako.
Bigarren zatian Atletico Madril saiatu zen berdinketa lortzen, eta abaguneren bat edo beste izan zuen. Baina Rubin Kazan sendo ibili zen defentsako lanean, eta ez zion aurkariari erratzunik eman. Partidako azken minutuan Atletico Madrilen aldeko kornerra adierazi zuen epaileak. Simeonek Asenjori aurkariaren areara joateko esan zion, berdinketaren gola bilatu nahian, baina Rubin Kazanek erdiraketa desbideratzea lortu zuen, Orbaizek pase luze bat jaso zuen korrikaldi bizia eginda, eta atepean inor ez zegoelarik, 0-2koa sartu zuen. Emaitza horrekin bukatu zen partida (0-2).
Fitxa teknikoa:
0 - Atletico Madril: Asenjo; Juanfran, Cata Diaz (Raul Garcia, 60. min), Godin, Filipe (Saul, 65. min); Tiago, Mario (Koke, 46. min); Arda, Adrian, Cristian Rodriguez; eta Falcao.
2 - Rubin Kazan: Ryzhikov; Ansaldi, Sharonov, César Navas, Marcano; Natcho, Orbaiz; Kislyak, Eremenko, Karadeniz (Kuznin, 87. min); eta Rondon (Dyadyun, 84. min).
Golak: 0-1, 5. min: Karadeniz. 0-2, 95. min: Orbaiz.
Epailea: Istvan Vad (Hungaria).