Futbola
Telebista eskubideak
Prisa konpainiak diru gutxiago eman nahi die euskal taldeei
Erredakzioa
"Likidezia faltagatik, kontratuak murriztea edo ordainketak atzeratzea" eskatu die Prisak Real, Athletic eta Osasunari eta Atletico Madril, Celta, Espanyol, Getafe, Zaragoza, Betis eta Mallorcari.
-
Argazkia: EFE
"Likidezia faltagatik kontratuak murriztea edo ordainketak atzeratzea" eskatu die Prisa konpainiak hamar futbol talderi, zenbait hedabidek gaur jakitera eman dutenez, besteak beste, elGoldigital, eleconomista.com eta futbolfinanzas.com atariek.
Bihar Estatuko egunkari ekonomiko nagusiek datu gehiago argitaratuko dituzte. Canal+ ezagunaren jabea plataforma Telefonicari saltzeko negoziatzen ari da. Antza denez, telebista eskubideen truke diru kopuruak murriztea eskatu die zenbait talderi, baita likidezia faltagatik ordainketak atzeratzea ere.
Horrela, Atletico Madril, Celta, Espanyol, Getafe, Osasuna, Reala, Zaragoza, Athletic, Betis eta Mallorcaren kontratuak aldatu nahi ditu Prisak.
ETBk jakitera eman duenez, Athleticek, Realak eta Osasunak egoeraren berri dute, baina oraindik ez dute proposamen zehatzik jaso.
Athleticek 33 milioi euro jaso behar ditu aurten. Prisak Realari 25 milioi eta erdi ordaindu behar dizkio, eta 22 milioi gutxi gorabehera Osasunari.
Krisia eta BEZa
Juan Luis Cebrian presidentearen konpainiak urtero 678 milioi euro ordaindu behar izan ditu; alde batetik Mediaprorekin lortutako akordioagatik (420 milioi euro denboraldi bakoitzeko), eta bestetik, hamar futbol taldeen telebista eskubideengatik (258 milioi urtero).
Inbertsio handiak ez du bazkideen kopurua areagotu. Krisiak eta BEZaren igoerak enpresaren aurrikuspenak zapuztu ditu. Horrela, zenbakiak orekatzeko taldeekin hartutako konpromisoak leundu nahi ditu konpainiak.
Batezbeste talde bakoitzari kontratua % 30 hobetu zion, baina orain likidezia faltak ito du, eta kontratuen murrizketa nahi du Prisak.