Itxi

Futbola

Arbeloa iraindu zuen

Bi aurpegidun Messi?

A.B.

Erredakzioa

Bartzelonako jokalaria Arbeloaren autora joan zen Bernabeuko aparkalekuan, eta Real Madrileko jokalaria iraindu zuen. Ondoren, Karankarekin gurutzatu, eta "Mourinhoren txotxongiloa" deitu zion.

  • Arbeloa-Messi

    Arbeloa eta Messi baloiagatik lehian asteazkeneko Kopako Klasikoan. Argazkia: EFE

Real Madrilek eta Bartzelonak asteazkenean jokatu zuten Errege Kopako finalerdietako joaneko partida, eta norgehiagoka ez zen berdegunean amaitu. Lionel Messi ez zen protagonista izan partidan zehar, norgehiagoka kaskarra jokatu baitzuen, baina partida amaituta, jokalari argentinarra izan zen protagonista nagusia.

Messi urduri eta lekuz kanpo egon zen partidan zehar, eta norgehiagoka bukatuta ere. Irene Junquera Punto Pelotako kazatariak esklusiban emandako albistean kontatu zuenez, eta ondoren hainbat iturrik baieztatu zutenez (Real Madrileko jokalariak barne), Messi Arbeloaren autora joan zen, eta Real Madrileko jokalaria iraindu zuen. Arbeloa bere autoan zegoen bere andrearekin, eta Messik "ergela" deitu zion. Ondoren, mehatxu-kutsuarekin "Bartzelonan itxarongo zaitut", esan zion argentinarrak Alvaro Arbeloari.

Barçako jokalari argentinarrak ez zuen nahikoa izan Arbeloa iraintzearekin, eta La Sexta kateak argitaratu zuenez, Karankarekin gurutzatu zenean Messik hau esan zion: "Zeri begira ari zara? Isilik egon Mourinhoren txotxongiloa zara eta".

Lionel Messik zelaian iskanbila gutxi izan ditu: Bernabeun zaleei baloikada bat ematea, aurkariren bati txistua botatzea, edo Villarekin Sevillaren aurkako partidan izandako eztabaida beroa dira esanguratsuenak. Partida bat amaitu ondoren, ordea, ez da Messiren jarrera txarrik ezagutu iragan asteazkenera arte. Klasikoa amaituta, Bartzelonak eta Leo Messik berak orain arte kritikatu dituzten jarrerak errepikatu ditu oraingoan Barçako aurrelari argentinarrak.