Itxi

Futbola

Errege Kopa

Finalerdia Camp Nou estadioan erabakiko da (1-1)

Erredakzioa

Bartzelona nagusi izan da ia partida osoan, eta Cescek 0-1ekoa lortu du. Hala ere, Real Madrilek erantzun bikaina eman du azkenengo minutuetan, eta Varanek berdinketaren gola lortu du.

  • Pique eta Cristiano Ronaldo. Argazkia: EFE

    Pique eta Cristiano Ronaldo. Argazkia: EFE

Real Madrilek eta Bartzelonak intentsitate handiko norgehiagoka jokatu dute, baina 2013ko Errege Kopako finalerdia Camp Nou estadioan erabakiko da, 1-1ekoaren ondoren. Cesc Fabregasek markagailuan goitik jarri du Kataluniako taldea (50. minutua), baina Varanek kanporaketan bizirik utzi du Real Madril, berdinketaren gola eskuratuta.

Jose Mourinhoren mutilek presio gogorrarekin hasi dute neurketa, eta Cristiano Ronaldok lehenengo abagune argia izan du. Hala ere, Pintok ederki desbideratu du portugaldarraren jaurtiketa indartsua. Real Madrilek finalerdia ondo prestatu duela argi gelditu da, merengeen jarrerak aztertuta.

Hala ere, Barçak bere jokoa ezarri du, pixkanaka, eta Andres Iniestak eta Xavi Hernandezek bikain gidatu dute erasoa. Xavik aurreneko gola egiteko aukera paregabea izan du, baina kapitainak baloia langara bidali du, falta jaurtiketa zuzenean.

Bigarren zatian, Messi eta Fabregas gehiago azaldu dira erasoan, eta Bartzelonak 0-1ekoa lortu du. Callejonek gaizki desbideratu du baloia, eta Cescek aise gainditu du Diego Lopez atezaina.

Mourinhok Modric eta Higuain zelairatu ditu, eta Santiago Bernabeu estadioak gogorrago sakatu du. Real Madrilek jokoari abiadura eman dio, eta baloiak areara bidali ditu. Erdiraketa batean, Varane atzelariak 1-1ekoa jarri du (81. minutua) erremate indartsuarekin.

. Fitxa teknikoa:

1 - Real Madril: Diego Lopez; Essien, Varane, Carvalho, Arbeloa; Khedira, Xabi Alonso; Özil, Callejon (Modric, 58. minutua), Cristiano Ronaldo; eta Benzema (Higuain, 63. minutua).

1 - Bartzelona: Pinto, Dani Alves, Pique, Puyol, Jordi Alba, Busquets, Xavi, Cesc (Thiago, 85. minutua), Pedro (Alexis, 76. minutua), Iniesta eta Messi

Goles: 0-1, 50. minutua: Cesc. 1-1, 81. minutua: Varane.