Itxi

Futbola

bleacherreport.com-en

Euskal Selekzioa 2014ko Munduko Kopa irabazteko gai dela diote AEBetan

Andoni B.E.

Erredakzioa

bleacherreport.com webguneak publikatzen duenez, euskal jokalariekin osa daitekeen taldeak munduko selekzio onenen mailan egoteko gaitasuna du.

  • Euskal Selekzioa

    Aduriz, Xabi Prieto eta Xabi Alonso Euskal Selekzioaren gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Euskal Selekzioa nazioarteko mugak gainditzen ari da pixkana. Munduko Liga onenetan (BBVA Liga, Premier Leaguea edo Bundesliga) dauden euskal jokalari asko maila bikaina ematen ari dira, eta nazioarteko komunikabideak horretaz ohartu dira.

Kasu honetan bleacherreport.com (San Francisco, Kalifornia) AEBetako webguneak publikatu du Euskal Selekzioaren inguruko artikulu bat. Webgune honek publikatu duenez, "Euskal Selekzioak 2014ko Brasileko Munduko Txapelketa irabazteko gaitasuna izango luke". Euskal futbolarien kalitatea eta joko maila goraipatu dituzte.

"Espainia da munduko futbol selekziorik onena, eta espainiarrak dira Brasileko Munduko Kopa irabazteko faboritoak", irakur daiteke Bleacherreport.com webguneak Euskal Selekzioaren inguruan egin duen artikuluan. "Bartzelonak azken urteetan lortutako tituluen ondorioz, Espainiako selekzioaren giltza Barçako jokalariek dutela esaten da, eta Kataluniako jokalariak goraipatzen dira, baina hauek ez dira nahikoak Espainiaren nagusitasuna mantentzeko", esan da bleacherreport.com-en.

Euskal Herriak jokalari bikainak dituela gogoratu du webgune amerikar honek: "Euskal Herriak ez du aurkaririk futbolarien sormenean. Selekzio honen deialdian sartzeko Euskal Herrian jaioa izan behar zara, Nafarroa barne".

bleacherreport.com-en Euskal Selekzioaren deialdian egon daitezkeen jokalari hauek aipatu ditu: Iraizoz, Iñigo Martinez, Azpilicueta, Iraola, Javi Martinez, Monreal, Xabi Alonso, Arteta, Beñat, Susaeta, Muniain, Raul Garcia eta Fernando Llorente.

Webgune estatubatuarrak ez du zerrenda osoa eman, ezagunenetakoak diren jokalariak aipatu ditu, baina zerrenda hau ondorengo jokalariek osa lezakete: Garrido, Xabi Prieto, Illarramendi, Agirretxe, Carlos Martinez, Mikel Gonzalez, Ekiza, Amorebieta, De Marcos, Ander Herrera, Aduriz edo Kike Sola jokalariek, besteak beste.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Selekzioa