Futbola
2-2, Camp Noun
Malagak abantaila hartu du Bartzelonaren aurkako kanporaketan
Erredakzioa
Iturrak sartu zuen 0-1ekoa, baina Barçak azkar erantzun du Messiren eta Puyolen golekin (2-1). Azken minutuan, 2-2koa sartu du Camachok. Monrealek txartel gorria ikusi du 75. minutuan.
-
Camacho Barçaren aurka sartutako gola ospatzen Welligtonekin eta Sebarekin. Argazkia: EFE
Errege Kopako final-laurdenetako joaneko partidak jokatu ziren asteazkenean. Zaragoza-Sevilla eta Bartzelona-Malaga partidak berdinduta bukatu ziren, eta finalerdietarako txartela itzulerako partidetan erabakiko da.
Zaragozaren eta Sevillaren arteko partida nahiko kaskarra izan zen, eta golik gabe bukatu zen (0-0). Unai Emeryk debuta egin zuen Sevillako entrenatzaile moduan Romaredan.
Bartzelonak eta Malagak, ordea, ikuskizuna eman zuten Camp Noun. Bi taldeak ez ohiko jokalari ugarirekin osatu zituzten hasierako hamaikakoak. Malagak aurrea hartu zuen markagailuan Iturrak 25. minutuan sartutako golari esker (0-1). Pinto atezainak eta Thiagok huts egin zuten jokaldia hasterakoan, eta Iturrak ez zuen oparia alferrik galdu. Pozak, ordea, ez zion asko iraun Malagari. Bartzelonak markagailua irauli zuen hiru minututan Messiren (1-1) eta Puyolen golei esker (2-1). Welligtonen huts batez baliatu zen Messi Barçaren lehen gola sartzeko, eta Puyolek buruz sartu zuen 2-1ekoa, zorte pixka batekin.
Bigarren zatian, abagune ugari izan zituen Bartzelonak, baina ez zuten Kameniren ate aurrean asmatu. 75. minutuan Malaga hamar jokalarirekin geratu zen Monrealek txartel gorria ikusi zuelako. Malaga jokalari bat gutxiagorekin geratu zen, baina Bartzelonak ez zuen abagune argirik sortu azken minutu horietan. 91. minutuan izan zuen partidako azken abagunea Malagak, eta Pellegrinik zuzentzen duen taldeak ez zuen abagune hiri alferrik galdu. Dudak falta jaurti zuen, eta Camachok binakoa (2-2) ezarri zuen markagailuan. Ondorioz, kanporaketa irekita geratzen da ostegunean (22:00etan) Rosaledan jokatuko den itzulerako partidarako.