Itxi

Futbola

Heynckes ordezkatuko du

Bayern Munichek Guardiola fitxatu duela baieztatu du

Erredakzioa

Bartzelonako entrenatzaile ohiak Alemaniako taldearen zuzendaritza hartuko du denboraldi amaieran; Jupp Heynckesek, berriz, ez du kontratua berrituko, eta agur esango die aulkiei.

0:41
Argazkia: EFE

Pep Guardiola Bartzelonako entrenatzaile ohiak Jupp Heynckes ordezkatuko du Bayern Munichen aulkian, datorren denboraldian, Alemaniako talde boteretsutik jakitera eman dutenez. Kontratua 2016ra arte izango du Guardiolak.

Informazio horien arabera, Guardiolak Alemaniako taldearen zuzendaritza hartuko du denboraldi amaieran; Jupp Heynckesek, berriz, ez du kontratua berrituko, eta agur esango die aulkiei.

Atzo informazio berdina gezurtatu ostean heldu da Bayern Munichen baieztapena. Guardiola Heynckesen ordezkotzat jotzen zuten azken informazioak "zentzugabeak" zirela adierazi zuen Alemaniako klubak, baina zurrumurruak duela hainbat hilabete azaldu ziren.

41 urteko bartzelonar entrenatzailearen inguruko zurrumurruak Urrezko Baloiaren ekitaldiaren ostean areagotu ziren. Entrenatzaileak berak datorren denboraldian aulkietara itzuli behar zuela baieztatu zuen.

Titulurik gabe

Heynckes 2011ko ekainean Bayern Munichera itzuli zen eta kontratua berritu behar ez zuela zabaldu zen iaz.

Bayern Munich Bundesligan agintzera ohituta dago, eta iragan denboraldian ez zuen Alemanian txapelketarik lortu. Gainera, Txapeldunen Ligako finala galdu zuen Chelsearen kontra.