Futbola
Final-zortzirenak
Eibarrek amets egin du, baina Errege Kopatik at geratu da
Erredakzioa
Arroyok sartu du 0-1ekoa, 12. minutuan. 72. minutuan, ordea, Buonanottek partida berdindu du (1-1), eta ondoren, Sebak eta Portillok kanporaketa erabkita utzi dute. Buonanottek sartu du 4-1ekoa.
-
Buonanotte, Eibarri sartu dizkion bi goletako bat ospatzen. Argazkia: EFE
Eibarrek uste baino lan gehiago eman dio Malagari Errege Kopako final-zortzirenetako itzulerako partidan. Ipuruan bana (1-1) berdindu zuten joaneko partidan, eta itzulerakoan ezustekoa emateko zorian egon dira armaginak. Azkenean, ordea, Malaga nagusitu da 4-1eko emaitzarekin.
Partidako hasierako minutuetan parekotasuna izan zen nagusi. Malagak baloi jabetza eskuratu nahi zuen, baina ez zuen helburua lortu Eibar taktikoki bikain kokatuta zegoelako. Tokia gordetzea zen armaginen helburua hasierako minutuetan, baina ez zeuden erasoari uko egiteko asmoarekin. Pixkanaka, kornerren bat behartzen, eta Kameniren ate ingurura iristen hasi ziren armaginak. Ilusioz beteta eta erabat kontzentratuta zeuden Eibarreko jokalariak, erasora jotzeko aukera noiz iritsiko zain. Horrela, hamabigarren minutuan Eibarren ekinak saria jaso zuen. Arruabarrenak area kanpotik egindako jaurtiketari erantzuna eman zion Kameni atezainak, baina aldaratzea Arroyok hartu zuen, eta sare barrura bidali zuen baloia 0-1ekoa sartuz.
Ezustekoa ematen ari zen Eibar Rosaledan, baina Malagak erreakzioa bilatu nahi zuen. Eibarreko jokalariak ez ziren urduri jarri, eta gola sartu ondorengo minutuetan ez zuten arazo gehiegirik izan defentsako lanean. Malagari asko kosta zitzaion abaguneak sortzea. Toulalan eta Duda area kanpotik egindako jaurtiketen bitartez saiatu ziren, baina Xabier Irureta atezaina bikain ibili zen, eta erantzuna eman zien jaurtiketa hauei. 36. minutuan Saviolak izan zuen lehen zatiko Malagaren abagunerik onena. Aurrelari argentinarra bakarrik geratu zen area barruan, eta Xabier Irureta atezainak erantzun bikaina eman zion, gola eragotzita. Lehen zatiko azken hamar minutuetan, bi taldeetako batek ere ez zuen abagune argirik sortu, eta partida armaginen aldeko 0-1eko emaitzarekin iritsi zen atsedenaldira.
Bigarren zatian, partidako gidoia aldatu egin zen. Malaga izan zen jaun eta jabe bigarren 45 minutuetan. Pellegrinik zuzentzen duen taldea erasokor zelairatu zen bigarren zatian. Eibarrek asko sufritu zuen atzealdean. Malagak hainbat abagune sortu zituen bigarren zatiaren hasieran, baina ez ziren gola sartzeko gai izan.
Urduri jartzen hasi ziren Malagako jokalariak gola ez zela iristen ikusita, baina 74. minutuan Buonanottek banakoa sartu zuen (1-1) Saviolarekin batera jokaldi bikaina eginda. Gola hartzeak min egin zion Eibarri, eta Malaga suspertu zuen. Bost minutu geroago, Seba Fernandezek 2-1ekoa sartu zuen. Maldan gora jarri zitzaion kanporaketa Eibarri, baina armaginen gol batek sailkapena lortzea bermatzen zion talde gipuzkoarrari. Bigarren golaren bila joan zen Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldea, baina Malaga izan zen beste gol bat lortu zuena. 83. minutuan Portillok erabakita utzi zuen kanporaketa (3-1). Gainera, luzapenean Buonanottek emaitza biribildu zuen Malagaren laugarren gola sartuta (4-1). Azkenean, Malagak lortu zuen final-laurdenetarako txartela, eta Eibar Errege Kopatik at geratu zen.
Fitxa teknikoa:
4 - Malaga: Kameni; Gamez, Sergio Sanchez, Onyewu, Monreal; Sebastian Fernandez, Toulalan (Demichelis, 60. min), Iturra (Portillo, 60. min), Duda; Buonanotte eta Saviola (Juanmi (86. min).
1 - SD Eibar: Irureta; Boveda, Raul Navas, Añíbarro, Bingen; Capa (Roldan, 74. min), Mainz (Aketxe, 77. min), Dani Garcia, Arroyo; Errasti (Diego Jimenez, 84. min) eta Arruabarrena.
Golak: 0-1, 11. min: Arroyo. 1-1, 74. min: Buonanotte. 2-1, 76. min: Sebastian Fernandez. 3-1, 82. min: Portillo. 4-1, 90. min: Buonanotte.
Epailea: Gil Manzano.