Itxi

Futbola

Euskal Selekzioa-Bolivia

14 ertzain zauritu dira eta bi pertsona atxilotu dituzte istiluetan

Erredakzioa

Erne Ertzaintzako sindikatuak salatu duenez, neurketako "segurtasunean eta antolakuntzan kaosa" izan zen nagusi.

0:19
Argazkia: EITB

Euskal Selekzioaren eta Boliviaren arteko partidan zehar jazotako istiluetan 14 ertzain zauritu ziren atzo, Donostiako Anoeta futbol-zelaian. Gehienak arin zauritu ziren, kolpeak baino ez zituzten jaso, baina bik hausturak izan zituzten.

Erne Ertzaintzako sindikatuak salatu duenez, neurketako "segurtasunean eta antolakuntzan kaosa" izan zen nagusi. Era berean, zaleek futbol-zelaian "bengalak, petardoak eta ke-bonbak" sartu zituztela salatu du Ernek.

Agiri batean, jarraitzaile erradikalak "ondo antolatuta" zeudela adierazi du Ernek; izan ere, erntzainak "inguratu" eta objektuak bota zizkieten.

Segurtasun Saileko iturriek jakitera eman dutenez, ertzain batek baja hartu behar izan du kolpeen ondorioz.

Istiluen ostean bi pertsona atxilotu zituzten ertzainei eraso egitea egotzita, iturrien arabera.

"Profesionaltasuna"

Ertzaintzako sindikatuaren esanetan, "ez zen ezer larriago gertatu" agenteen "profesionaltasunari esker", baina "tragedia gertu" izan zela azpimarratu du.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari azalpenak eskatu dizkio Ernek, "ertzainak arriskuan jarri eta protokolo guztiak urratu zirelako".