Futbola
Euskal Selekzioa
Azkargortaren Bolivia Donostiara abiatu da
Erredakzioa
EITB
Xabier Azkargortak zuzendutako selekzioa eguerdian irten da Santa Cruzetik, larunbatean Euskal Selekzioaren kontra jokatzeko.
Boliviako futbol selekzioa, Xabier Azkargorta azpeitiarrak zuzendua, asteazken eguerdian abiatu da Donostiara. Boliviako Futbol Federazioak aditzera eman duenez, espedizioa Santa Cruzetik irten da eta, Lima eta Madriletik igarota, ostegunean iritsiko da Gipuzkoako hiriburura.
Boliviak Euskal Selekzioaren kontra jokatuko du larunbatean, Anoetan. Horretarako, Azkargortak hamazortzi jokalari deitu ditu. Vicente Arze aurrelaria aipatzekoa da, iraneko Esteghal taldeak fitxatu duelako. Bestalde, Alex Potons 20 urtez azpikoa (Pro Vercelli) Jose Luis Chavez jokalariaren ordez arituko da. Azken hori Mexikoko Atlas de Guadalajara taldeak fitxatu du.
Azkargortak deitutako gainontzeko futbolariek Boliviako taldeetan jokatzen dute: Sergio Galarza (Blooming) eta Carlos Arias atezainak (Oriente Petrolero); Gabriel Valverde, Jose Barba (Bolivar), Edward Zenteno (Wilstermann), Rony Jimenez (Real Potosi) eta Luis Mendez (The Strongest) atzelariak; Diego Bejarano, Walter Veizaga (The Strongest), Pedro Azogue, Alejandro Melean (Oriente Petrolero) eta Jhasmany Campos (Bolivar) erdilariak; eta Carlos Saucedo (San Jose), Alcides Peña, Gualberto Mojica (Oriente Petrolero), eta Ronald Segovia (Blooming) aurrelariak.
Hautatzaile azpeitiarra Bolviara itzuli zen uztailean, selekzio hori AEBetako Munduko Txapelketara eraman zuenetik 18 urtetara.