Futbola
Berriro gaixotu da
Tito Vilanovari ebakuntza egingo diote gaur
Erredakzioa
Bartzelonako teknikariari orain dela 13 hilabete antzeman zioten minbizia, eta orain berriro gaixotu da. Gaur egingo diote ebakuntza.
-
Tito Vilanova. Argazkia: EFE
Francesc ‘Tito’ Vilanova Bartzelonako entrenatzailea minbiziak jota dago berriz ere, eta ostegunean ebakuntza egingo diote, jakitera eman du Kataluniako klubak. Vilanovari minbizia antzeman zioten orain dela hamahiru hilabete, eta orain berriro gaixotu da.
Bartzelonak, gaurko, Gabonetako ohiko bazkaria eta langileekin afaria prestatuta zituen, baina ekitaldiak bertan behera gelditu dira.
Vilanovari 2011ko azaroan ebakuntza egin zioten listu-guruinean, Vall d’Hebron ospitalean. Katalanak arazorik gabe gainditu zuen minbizia, baina berriro gaixotu da. Behin ebakuntza eginda, sei asteko kimioterapia eta erradioterapia tratamendua jaso beharko du Vilanovak. Barçak iragarri duenez, Vilanovak tratamendua eta entrenatzaile kargua uztartu ahal izango ditu.
Sendatu bitartean, Jordi Rourak hartuko du taldea entrenatzearen ardura. "Valladoliden aurka, Roura eseriko da aulkian, baina entrenatzailea Titok izaten jarraituko du", adierazi du Andoni Zubizarreta klubeko kirol zuzendariak. Sandro Rosell ere hedabideen aurrean izan da.