Osasuna
1-0, Nafarroako Erresuman
Osasunak urrezko hiru puntu lortu ditu, Rayoren aurka
Erredakzioa
Jose Luis Mendilibarren mutilak jaitsiera postuetatik irten dira Madrilgo taldea 1-0 gaindituta. Norgehiagokako gola Kike Solak eskuratu du, lehenengo zatiko 5. minutuan.
-
Osasuna. Argazkia: EFE
Osasunak jaitsiera postuetatik irtetzeko hiru puntu garrantzitsu lortu ditu Rayoren aurka (1-0). Gorritxoek Kike Solak lehenengo zatiko 5. minutuan lortutako golari eusteko gehiegi sufritu dute, baina azkenean garaipena eskuratu dute.
Rayok kontraeraso azkarrak egin ditu neurketako aurreneko minutuetan, baina Kike Solak lortutako golak Madrilgo taldea izoztuta utzi du. Osasunako aurrelariak lehenengo zatiko bosgarren minutuan eskuratu du 1-0ekoa, baina gorritxoek sufritzen jarraitu dute. Pitik berdinketaren gola eskuratzeko abagune bikaina izan du (8. minutua), baina Andres Fernandezek gelditu ikusgarri egin du.
1-0ekoarekin Jose Luis Mendilibarren mutilek asko sufritu dute, eta Paco Jemezen taldeak erasoan arrisku handia sortu du. Partidak erritmo altua hartu du, baina pixkanaka Nafarroako taldeak jokoa lasaitu egin du. Kike Solak bigarren gola lortzeko aukera aparta izan du, 28. minutuan, baina bere saiakera kanpora joan da. Jarraian, Sisi lesionatu egin da, eta bere ordez Mendilibarrek Llorente zelairatu du. Osasunak gehiegi sufritu du atsedenaldia heldu aurretik, 1-0ekoari eusteko.
Bigarren zatian partida intentsitatea galdu du, eta gorritxoek baloiaren jabetza kontrolatu dute. Hala ere, gol aukerak oso urriak izan dira, eta atezainek ez dute ia arazorik izan. Pitik erasoan sakatzen arriskua eramaten jarraitu du, eta Rayoko jokalariak berdinketaren gola lortzeko abagune ederra izan du (61. minutua). Kontraerasoan Osasunak ere gola eskuratzeko aukera polita izan du, baina Cobeñok Cejudoren errematea gelditu du.
Iruñeko taldeak erasoan abagune onak izan ditu, baina Cobeñok gelditu erabakigarriak egin ditu. Neurketako azkeneko minutuetan Vallecaseko taldeak berriro erasoan gogor sakatu du, eta Mendilibarren mutilek defentsan sendo eusti behar izan dute. Azkenean, hiru puntu garrantzitsuak Nafarroako taldeak lortu ditu, eta gorritxoak jaitsiera postuetatik irten dira.
Fitxa teknikoa.
1 - Osasuna: Andres Fernandez, Damia, Miguel Flaño, Arribas, Nano, Oier Sanjurjo, Raoul Loe, Cejudo (Lamah, 66. minutua), Armenteros, Sisi (Llorente, 34. minutua) eta Kike Sola (Timor, 62. minutua).
0 - Rayo Vallecano: Cobeño, Tito, Galvez, Amat, Nacho. Javi Fuego, Dominguez, Trashorras (Delibasic, 69. minutua), Piti, Vazquez (Lass, 81. minutua) eta Leo Baptistao.
Golak: 1-0, 5. minutua: Kike Sola.