Itxi

Osasuna

EA SPORTS LIGA

Terratsen bi golek saririk gabe utzi du Osasuna Sadarren (1-2)

I. G. | EITB MEDIA

Budimirrek penaltiz gorritxoak aurreratu dituen arren, jokalari katalanak bi gol sartu ditu partida iraultzeko eta Madrilgo taldeari garaipena emateko.

  • Osasuna vs Getafe. Argazkia: EFE.

    Osasuna vs Getafe. Argazkia: EFE.

Osasunak 1-2 galdu du Getaferen aurka igande honetan Sadarren jokatu den EA Sports Ligako 28. jardunaldiko partidan. Budimirrek penaltiz gorritxoak aurreratu dituen arren, jokalari katalanak bi gol sartu ditu partida iraultzeko eta Madrilgo taldeari garaipena emateko.

Lehen zatian, bi taldeak gutxi iritsi dira atera. Gorritxoek aukerarik argiena izan dute Ruben Garciak area barruan harrapatu duen Catenaren baloi luze batean, baina ez da behar bezain azkarra izan eta jaurtiketa Alderetek gelditu du. Hala ere, Nafarroako taldea baloiaren jabe izan da eta partidaren gidoia zuzendu du, batez ere hegaletatik eraso egiten saiatuz.

Getaferen aldetik, abagune argi bakarra atsedenaldirako bost minuturen faltan izan da, Herrarek Juanmiren jaurtiketa urrundu duenean aurkarien kontraeraso azkar baten ondoren.

42. minutuan, Aresok azkar egin du aurrera hegaletik, eta Budimir bilatu du area barruan. Duartek lurrera bota du kroaziarra, eta epaileak penaltia adierazi du Osasunaren alde. Budimirrek berak jaurti du hamaika metroko puntutik, eta aurretik jarri du bere taldea (1-0).

Getafek bigarren zatia hasi eta berehala eman du abisua jokaldi arriskutsu batekin, eta Boyomok Terratsen jaurtiketa lerro beretik atera behar izan du.

Hurrengo aukeran hobeto aritu da Madrilgo taldea. Talde jokaldi on baten ostean, Terratsek jaurtiketa kolokatua egin du, Herrerarentzat geldiezina, berdinketa lortzeko (1-1).

71. minutuan, Terratsek berak aurretik jarri du Getafe. Nafarroako taldeak gaizki defendatu du Madrilgo taldearen kontraeraso azkar bat. Terratsek hasi du jokaldia, eta berak bukatu du atzetik sartuz (1-2).

Ia jarraian, Uchek bigarren txartel horia ikusi du, eta horrek azken minutuetan jokalari bat gehiagorekin jokatzeko aukera eman dio Osasunari.

Gorritxoek azken unera arte jarraitu dute borrokan, baina ez da nahikoa izan, eta bosgarren jardunaldia dute garaipenik lortu gabe.

Fitxa teknikoa:

1 – Osasuna: Sergio Herrera; Areso, Catena, Boyomo, Juan Cruz (Bretones, 61. min); Moncayola (Arnaiz, 80. min), Torro, Pablo Ibañez (Aimar Oroz, 61. min); Ruben García (Raul, 73. min), Budimir, Bryan.

2 – Getafe: Soria; Djene (Iglesias, 46. min), Duarte, Alderete (Berrocal, 85. min), Rico; Terrats (Nyom, 88. min), Milla, Arambarri, Coba (Mayoral, 46. min); Juanmi (Bernat, 85. min), Uche.

Golak: Budimir 1-0 (45. min), Terrats 1-1 (55. min), Terrats 1-2 (71. min).

Epailea: Hernandez Hernandez. Txartel horia atera die Areso, Torro, Djene eta Duarte jokalariei. Uche kanporatu du bigarren txartel horiarekin.

Hurrengo zuzenekoak

  • Gaur
  • OG.
  • OR.
  • LR.
  • IG.
  • AL.
  • AS.

Ez dago zuzenekorik

Fitxaketak… LaLiga Fitxaketak…