Itxi

Osasuna

0-3

Osasunak garaipen garrantzitsua lortu du Espanyolen aurka

Erredakzioa

Talde gorritxoak 0-3 irabazi du Cornella-El Praten mailari eusteko aurkari zuzenaren kontra. Nafarrek denboraldiko bigarren garaipena lortu dute. Cejudo, Sola eta Onwu izan dira golegileak.

  • Kike Sola, Sisi eta Armenteros Espanyoli sartutako bigarren gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak garaipen garrantzitsua lortu du larunbat honetan Espanyolen aurka Cornella-El Praten. Talde perikitoa mailari eusteko aurkari zuzenea da, eta Osasunak 0-3 irabazi dio. Azken postuan jarraitzen dute gorritxoek 8 punturekin, eta Espanyol azken-aurrekoa da, 9 punturekin.

Osasunak gogotsu eta erasokor ekin dio partidari, eta laugarren minuturako bi gol aukera sortu ditu. Espanyoleko defentsa ez da ondo konpondu atezainarekin, eta Armenteros gola sartzetik gertu egon da. Ondoren, Cejudoren jaurtiketa gutxigatik kanpora joan da. Espanyolek ez du asko itxaron erantzuna emateko: Verduren jaurtiketa Andres Fernandezek geratu du, eta Sergio Garciaren errematea langa gainetik kanpora joan da.

Gorritxoek ez diote erasoari uko egin, eta 20. minutuan Cristian Alavarez atezainak erantzun bikaina eman dio Kike Solaren erremateari. Lau minutu geroago, Osasunak 0-1ekoa sartu du. Espanyolek kale egin du defentsan, eta Cejudo erne egon da gola sartzeko. Espanyolek partida berdintzeko aukera argiak izan ditu lehen zatiaren amaieran, baina talde katalaneko jokalariek ez dute asmatu Andres Fernandezen ate aurrean. Atsedenaldira, gol bateko abantailarekin iritsi da Mendilibarrek zuzentzen duen taldea (0-1).

Bigarren zatiaren hasieran Espanyolek gol aukera argiak sortu ditu. Longoren erremateak zutoina jo du Andres Fernandezek baloia ukituta, eta bi minutu geroago, Verduren erremateak ere zutoina jo du. Osasunak momentu txarrak pasa ditu bigarren zatiko lehen minutuetan, baina une txarrak gainditzen jakin du, eta 62. minutuan Kike Solak 0-2koa sartu du. Gol ona sartu du Osasunako aurrelariak Cristian Alvarez atezainari izkin eginda.

Espanyoli min egin dio Osasunaren bigarren golak, baina perikitoak aldeak murrizten saiatu dira. Espanyol erasora jo nahian ibili da, eta kontraerasoan Osasunak partida erabakita utzi du Onwuren golarekin (0-3).

Azken minutuetan Andres Fernandezek gelditu bikaina egin du Longoren aurrean, baina markagailua ez da mugitu, eta partida 0-3koarekin bukatu da. Osasunak hiru puntuak lortu ditu Cornella-El Praten.

Fitxa teknikoa:

ESPANYOL: Cristian Alvarez; Raul Rodriguez, Colotto, Hector Moreno, Víctor Alvarez; Víctor Sanchez, Forlin (Simao, 46. min), Cristian Gomez (Longo, 57. min); Verdu, Sergio Garcia eta Stuani.

OSASUNA: Andrés; Nano, Flaño, Arribas, Damiá; Timor, Raoul, Armenteros (Torres, min.81); Sisi, Cejudo (Oier, min.65) y Kike Sola (Omwu, min.68).

GOLAK: 0-1, 22. min, Cejudo. 0-2, 63. min, Kike Sola. 0-3, 77. min, Omwu.

Epailea: Gil Manzano.