Osasuna
10. jardunaldia
Eberten golak lur jota utzi du Osasuna (0-1)
Erredakzioa
Mendilibarren taldeak porrota jaso du etxean Valladoliden aurka, eta nafarrek sailkapen nagusiko azken postuan jarraituko dute.
-
Osasuna-Valladolid. Argazkia: EFE
Osasunak porrot berri bat jaso du Ligan Valladoliden aurka, Sadarren jokatutako partidan, 0-1eko markagailuarekin galduta. Ez da partida ona izan, baina nafarrek aurkariek baino gol aukera garbiagoak sortu dituzte.
Nahi eta ezinean aritu dira gorritxoak lehen zatian. Jokoa eskasa izan da eta baita gol aukerak ere. Aurrenekoa Ebertentzat izan da 4. minutuan, eta 19.ean Dani Valladolideko atezainak Armenterosen jaurtiketa aldaratu du. Lehen zatiaren azken minutuetan markagailua estreinatzen saiatu dira Mendilibarren gizonak. Abaguneak Raoul Loe eta Sisi jokalarientzat izan dira.
Bigarren zatian Osasuna izan da berdegunean nagusi, baina Valladolidek arazo handiegirik gabe defendatu du. Gainera, 64.ean Omarrek gola sartzeko aukera bikaina izan du.
Osasunan, Kike Solak eta Masoudek sortu dituzte neurketako gol aukera garbienak. 76.ean, Rubeni bigarren txartel horia erakutsi dio epaileak eta hamar gizonekin geratu da Osasuna. Bost minutu geroago, gola egin du Ebertek. Valladoliden kontraerasoari amaiera bikaina eman dio jokalari alemaniarrak Andres Fernandez gaindituta. Eberten golak lur jota utzi du talde gorritxoa.
Nafarrek sailkapen nagusiko azken postuan jarraituko dute. Hurrengo asteburuan Espanyoli bisita egingo dio Osasunak (larunbatean, 18:00etan).
Fitxa teknikoa:
0 - CA Osasuna: Andres Fernandez; Damia, Ruben, Arribas, Nano; Puñal, Raoul Loe; Cejudo (Masoud 71'), Armenteros (Timor 88'), Sisi (Lolo 79') eta Kike Sola.
1- Real Valladolid: Dani Hernandez; Rukavina, Valiente (Sereno 28') (Peña 68'), Rueda; Balenziaga, Neira (Sastre 55'), Victor Perez; Ebert, Oscar, Omar; eta Manucho.
Gola:
0-1, m.80: Ebert.