Itxi

Osasuna

Errege Kopa

Osasunak irauli egin du Ceutaren aurkako kanporaketa (2-3), eta Errege Kopako final hamaseirenetan da

EITB MEDIA

Nafarroako taldea 2-0 ari zen galtzen 84. minutuan, baina, neurketako azken txanpan, Budimirrek 2-1ekoa sartu du, Raul Garcia de Harok 2-2koa egin du, eta, luzapenean, Ceutako jokalari batek bere atean sartu du Osasunaren hirugarrena.

4:19

Osasuna 2024-25 denboraldiko Errege Kopako final hamaseirenetarako sailkatu da, ostegunean, txapelketako bigarren kanporaketan Ceuta kanporatuta. Alfonso Murube futbol zelaian jokatutako partidan, Osasunak 2-3 irabazi du, eta hiru golak neurketako azken txanpan lortu ditu Nafarroako taldeak; 84. minutuan, Ante Budimirrek 2-1ekoa sartu du, 87.ean Raul Garcia de Harok 2-2koa egin du, eta, 93.ean, Ceutako jokalari batek, nahi gabe, bere atean sartu du Osasunaren hirugarrena.

Hala, Osasunak, lehen zatian, ezin izan du eroso aritu; Ceutak, aldiz, estutu egin du, eta beldurrik gabe jokatu du. Ruben Peñak eta Pablo Ibañezek izan dituzte, 15. eta 25. minutuetan, Osasunaren lehenengo gola sartzeko aukerarik onenak; Avilako jokalariaren jaurtiketa oso gutxigatik joan da kanpora, eta erdilari iruindarraren errematea, atetik oso gertu, etxeko taldeko atezainak gelditu du.

41. minutuan, Ceutak lortu du markagailuan aurretik jartzea. Ceutako taldeak jokaldi bikaina egin du eskuinetik, Andyren eta Pedro Diezen bidez; azken horrek ondo erdiratu du penalti puntura, eta Redruk trebetasunez egin du errematea. Horrela joan dira aldageletara bi taldeak, Ceuta irabazten ari zela; bazirudien Osasuna ez zebilela gustura, berdegunean.

Bigarren zatian, Raul Garcia de Harok, 52. minutuan, gola egin du, Pablo Ibañezen pasea baliatuta, baina epaileak baliorik gabe utzi du gola, Ibañezen balizko jokoz kanpokoagatik; epaileak huts egin du, jokalari nafarraren kokapena erabat legezkoa baitzen. Iker Benitok oso gertu izan du berdinketaren gola, eta, jarraian, Vicente Morenok Ante Budimir eta Aimar Oroz zelairatzea agindu du.

Osasuna baloia mugitzen ari zen, eta etengabe zebilen berdinketaren bila, baina Ceuta ere ari zen arriskua sortzen, erasoko jokaldi batzuetan. Horrela, 69. minutuan, Ruben Diazek jaurtiketa bikaina egin du, area ertzetik, eta baloia angelutik sartu da Osasunaren atean. 2-0ekoa izan da.

79. minutuan, Ruben Garciak zutoinera jaurti du, aukera oso on batean. Bost minuturen buruan, Budimirrek, Raul Garcia de Harok buruz bikain utzitako baloia baliatuta, gola sartu du. 86. minutuan, Ruben Garciak erdiraketa ona egin du eskuinaldetik, eta Raul Garcia de Harok 2-2koa jarri du. Hiru minututan, gorritxoek markagailua berdindu egin dute, beraz.

Luzapenean, Redruk, alegia, Ceutaren aurreneko gola egin duen jokalariak, bere atean sartu du, nahi gabe, eta Osasunak hirugarren gola lortu du. Hamar minututan, Vicente Morenoren futbolariek hiru gol erabakigarri egin dituzte, eta horrek eman dio sailkatzea Nafarroako taldeari.

Fita teknikoa

2 - Ceuta: Pedro Lopez; Aisar, Redru, Carlos Hernandez, Yago; Bellotti (Sofiane, 72. min), Victor Corral, Ruben Diez (Blesa, 84. min); Andy Escudero (Taufek, 72. min), Jota (Bless, 72. min) eta Aquino (Rodri, 61. min).

3 - Osasuna: Aitor Fernandez; Nacho Vidal (Areso, 72. min), Bretones, Unai Garcia, Herrando; Torro, Pablo Ibañez (Aimar Oroz, 59. min), Moi Gomez (Kike Barja, 80. min); Ruben Peña (Ruben Garcia, 72. min), Iker Benito (Budimir, 59. min) eta Raul.

Golak: 1-0, 40. min: Redru. 2-0, 69. min. Ruben Diez. 2-1, 84. min. Budimir. 2-2, 87. min. Raul. 2-3, 93. min. Redru, bere atean.

Epailea: Alejandro Quintero Gonzalez (Andaluzia). Ceutako Carlos Hernandez eta Jose Juan Romero entrenatzailea, eta Vicente Moreno Osasunako entrenatzailea zigortu ditu, txartel hoia aterata.

Nabarmentzekoa: 4.052 zale izan dira, Alfonso Murube futbol zelaian.