Itxi

Osasuna

EA SPORTS LIGA

Puntu ona lortu du Osasunak Sevillaren etxean (1-1)

L. E. A. | EITB MEDIA

Bi golak bigarren zatian izan dira, hiru minutuko tartean. Osasunak Europako postuetako lehian jarraitzen du.

  • Rube Garcia, Sevillako jokalariekin lehian. Argazkia: Efe.

    Rube Garcia, Sevillako jokalariekin lehian. Argazkia: Efe.

Osasunak eta Sevillak bana egin dute EA Sports Ligako 15. jardunaldia itxi duen partidan. Budimir eta Lukebakio izan dira golegileak Sanchez Pizjuanen jokatutako neurketan. Bi golak bigarren zatian sartu dituzte.

Iker Muñoz izan da Vicente Morenok hamaikakoan sartu duen berritasun nagusia. Muñozek txartel kopuruagatik zigortuta dagoen Lucas Torroren lekua bete du.

Gorritxoek ondo hasi dute partida, Sevillari presioa goiko aldean eginez. Hala ere, ez diote horri etekinik atera. 18. minutuan, Bryan Zaragozak aukera izan du iruindar taldearentzat, lehen zati osoan izan duten bakarra, urrutitik egindako jaurtiketa batean, baina Alvaro Fernandez atezainak baloia kornerrera aldaratu du.

Hortik aurrera, Sevilla lekua hartzen joan da eta talde nafarra bere zelaian sartu du. 24. minutuan, Garcia Pimientaren taldeak bere lehen aukera argia izan du. Sowk lekua hartu dio Boyomori lehen zutoinean. Errematea kanpora joan da, gutxigatik.

Gorritxoek ezer gutxi gehiago egin dute, baloiaren jabetza Sevillak izan duelako. Gudeljek egindako jaurtiketa gogor bati erantzun ona eman dio Sergio Herrerak, atsedenaldiaren atarian.

Bigarren zatia lehenengoa amaitu bezala hasi da. Hori bai, lehen aukera Osasunak izan du, baina Moncayolak penalti puntu ingurutik egindako jaurtiketak Sevillako jokalari baten kontra jo du, baloia ate barrurako bidean zihoanean.

67.ean, Kike Salasek gola egin du baina ez da markagailura igo, jokoz kanpozegoen eta. Eta hurrengo jokaldian, Ante Budimirrek bere bederatzigarren gola egin du, buruarekin errematatuz, eta atezainaren hutsak lagunduta. Osasuna aurretik jarri da orduan (0-1).

Pozak, baina, gutxi iraun die gorritxoei, hiru minutu geroago Lukebakiok banakoa egin baitu.

Arnaizen lesioa eta Lukebakioren azken aukera

81. minutuan, albiste txarrak Osasunarentzat: Arnaizek min hartu du zelaian, hiru minutu eskas zeramatzanean. Horren ordez, Ruben Peña atera da.

Azken minutuetan, bi taldeek aukera argiak izan dituzte. Ante Budimirrek bigarrena oso gertu izan du, baina jokoz kanpoko posiziotik abiatu da. Eta jarraian, Lukebakiok garaipenaren gola oso gertu izan du, baina ez du asmatu.

Fitxa teknikoa:

1 - Sevilla: Alvaro Fernandez; Carmona (Jesus Navas, 86. min), Bade, Kike Salas, Pedrosa (Suso, 64. min); Gudelj, Sambi Lokonga (Agoume, 86. min); Lukebakio, Sow (Juanlu, 75. min), Peque (Saul, 64. min); Isaac Romero.

1 - Osasuna: Sergio Herrera; Areso, Catena, Boyomo, Juan Cruz (Herrando, 83. min); Moncayola, Iker Muñoz (Ibañez, 70. min), Aimar; Ruben Garcia (Bretones, 70. min), Budimir, Bryan Zaragoza (Jose Arnaiz, 77. min) (Peña, 83. min).

Golak: 0-1, M.69: Budimir. 1-1, M.72: Lukebakio.

Epailea: Juan Martinez Munuera (Valentziako batzordekoa). Txartel horia atera die Sevillako Sow jokalariari (50. min) eta Osasunako Catenari (80. min).