Itxi

Osasuna

Nafarroako Erresuman

Osasunak denboraldiko aurreneko garaipena lortu du

Erredakzioa

Jose Luis Mendilibarren mutilek Levante 4-0 jipoitu dute. Norgehiagokako golak Armenterosek, Lamahek, Timorrek (penaltiz) eta Ninok egin dituzte. Gorriek sailkapenean lau puntu dituzte.

  • Osasuna. Argazkia: EFE

    Osasuna. Argazkia: EFE

Nafarroako taldeak denboraldiko aurreneko garaipena lortu dute, Levante 4-0 jipoituta. Partidako golak Armenterosek, Lamahek, Timorrek eta Ninok eskuratu dituzte, eta Osasuna lau punturekin jarri da BBVA Ligako sailkapenean.

Osasunak eta Levantek akats gehiegirekin hasi dute neurketa, eta aurreneko minutuetan ezin izan dute aukera argirik sortu. Nafarroako taldeak 18. minutuan izan du lehenengo abagunea, baina Diopek ederki desbideratu du baloia langa azpitik. Jarraian, Levanteren kontraerasoan, Juanfranek urruneko saiakera egin du, eta baloia gutxigatik joan da kanpora.

Jose Luis Mendilibarren taldeak erasoan gehiago sakatu du, baina gorriek ezin izan dituzte erremateak asmatu. 22. minutuan Timorrek area kanpotik gogor jaurti du, eta Mutua atezainak baloia desbideratzeko gelditu ikusgarri egin behar izan du. Hala ere, lehenengo zatian intentsitate gutxirekin jokatu dute bi taldeek, eta atsedenaldian emaitza 0-0ekoa izan da.

Bigarren zatian Osasuna presio gogorra egitera zelairatu da, eta 54. minutuan Armenterosek 1-0ekoa jarri du Nafarroako Erresumako markagailuan. Gorritxoek norgehiagokaren kontrola hartu dute, eta Levantek defentsan asko sufritu du. Hala ere, Andres Fernandez atezainak gelditu garrantzitsua egin behar izan du Martinesen errematea desbideratzeko.

81. minutuan Roland Lamahek 2-0ekoa lortu du. Joseba Llorenteren saiakera Munuak dsbideratzea lortu du, baina aldaratzea ederki aprobetxatu du Lamahek, markagailuan 2-0ekoa jartzeko. Epaileak Osasunaren aldeko penaltia adierazi du, 87. minutuan, eta Timorrek baloia sareetara bidali du. Neurketako azkenengo minutuan Ninok 4-0ekoa jarri du.

- Fitxa teknikoa:

4 - Osasuna: Andres Fernandez; Oier, Lolo, Arribas, Nano; Annan (Raoul Loe, 80. minutua), Timor; Cejudo (Lamah, 77. minutua), Armenteros, Nino; eta Llorente (Kike Sola, 87. minutua).

0 - Levante: Munua; Chris Lell, Ballesteros, Navarro, Juanfran; Diop (Gekas, 59. minutua), Iborra; El Zhar (Pedro Rios, 66. minutua), Michel (Ruben, 73. minutua), Barkero; eta Martins.

Golak: 1-0, 54. minutuan: Armenterosek. 2-0, 82. minutuan: Lamahek. 3-0, 88. minutuan: Timorrek, penaltiz. 4-0, 93. minutuan: Ninok.