Itxi

Osasuna

EA SPORTS LIGA

Osasunak lehen porrota jaso du etxean, Chimy Avilaren Betisen aurka (1-2)

EITB MEDIA

Partida borrokatuan, Andaluziako taldeak hiru puntuak eskuratu ditu, Vitor Roquek eta Chimy Avilak sartutako golei esker. Nafarroako taldearen gol bakarra Lucas Torrok egin du.

  • Osasuna vs Betis

    Osasuna vs Betis Argazkia: EFE

Osasunak 1-2 galdu du Betisen aurka, larunbat honetan, Sadarren jokatu den EA Sports Ligako 10. jardunaldiko partidan.

Andaluziako taldeak mendean hartu du Osasuna Sadarren (1-2), Vitor Roquek eta Chimy Avilak egindako golei esker, eta gorritxoek euren futbol-zelaian izan duten bolada bikaina eten dute. Vitor Roquek aurretik jarri du Betis, 7. minutuan; Lucas Torrok banakoa egin du, 59. minutuan; eta Chimy Avilak 1-2koa egin du, 73.ean.

Lehen minutuetan, Betisek Osasunaren zelaian jokatu du ia denbora guztian. Bazirudien bisitariek partida gidatu nahi zutela eta gorritxoak atzean sartu.

Pellegriniren taldea estutzen ari zen, eta 7. minutuan iritsi da norgehiagokako lehen gola. Fornalsek Aitor Ruibali pasea eman ostean, horrek area barrura erdiratu du, eta Vitor Roquek sare barrura bidali du baloia (0-1). Aurrelariak aurrea hartu dio Osasunako defentsari.

Vicente Morenok zuzentzen duen taldea ez da eroso aritu. Etxekoek hutsune gehiegi utzi dituzte atzean, talde bisitariaren aurrean. Etxekoak saiatu egin dira, eta 17.ean, Bryan Zaragoza bere abiadura baliatuta joan da, baina Aimar Orozen jaurtiketa gora joan da.

Neurketa oso irekia egon da. Bi taldeek nahiago izan dute bi hegaletatik eraso egin barrutik baino. Bryan Zaragozak eskuinetik min handia egin du, eta Aitor Ruibalek eta Hector Bellerinek ere arrisku handia sortu dute.

Sadarren kolpe trukea etengabea izan da. Aldageletara joan aurretik, Aimar Orozek gola egiteko aukera izan du, baina Bellerinen geldiketa bikainak eragotzi du.

Chimy Avila atsedenaldiaren ostean sartu da, txaloak baino gehiago txistuak jasota, urtarrilean joan baitzen Osasunatik. Minutu onak izan dituzte etxekoek, Lucas Torrok bigarren zutoinean ondo jarritako baloira iritsi den arte, etxeko taldearen lehen gola sartzeko. Ospakizuna apoteosikoa izan da Sadarren (1-1).

Betisek aldageletatik igaro ondoren izan duen beherakada, bestalde, deigarria izan da. Bisitariek baloiaren jabetzari ozta-ozta eutsi diote, eta etxekoek anbizio handia erakutsi dute, baina partidak, beste askotan bezala, ustekabeko bira eman du. Azkenean, Chimy Avilak aldaratzea jaso du Bartraren burukada baten ostean, eta 1-2koa egin du.

 Fitxa teknikoa:

1 – Osasuna: Sergio Herrera; Areso, Catena, Boyomo, Bretones; Torro (Moi Gomez, 90. min); Ruben Garcia (Moncayola, 67. min), Pablo Ibañez (Raul, 77. min), Aimar (Arnaiz, 88. min), Bryan (Peña, 88. min); Budimir.

2 – Betis: Rui Silva; Bellerin, Bartra (Natan, 89. min), Llorente, Perraud; Ruibal (Mateo, 67. min), Johnny, Altimira (Iker, 68. min), Fornals (Ricardo Rodriguez, 97. min); Vitor Roque (Chimy Avila, 46. min), Bakambu (Abde, 60. min).

Golak: 0-1, 7. min: Roque. 1-1, 59. min: Torro. 1-2, 73. min: Chimy Ávila.

Epailea: Muñiz Ruiz. Txartel horia atera die Boyomo eta Moi Gomez Osasunako jokalariei, eta Fornals eta Bartra Betiseko jokalariei. Bestalde, txartel gorria atera dio Natani (95. min).