Itxi

Osasuna

EA SPORTS LIGA

Osasunak puntu bat eskuratu du Getaferen aurka (1-1)

I. G. | EITB MEDIA

Gorritxoei sufritzea egokitu zaien partidan, etxekoek aurrea hartu dute lehen zatian Bertugen golarekin, baina Budimirrek markagailua parekatu du bigarrenean.

  • Abel Bretones, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE

    Abel Bretones, partidako jokaldi batean. Argazkia: EFE

Osasunak puntu bat eskuratu du Getaferen aurka (1-1) larunbat honetan Coliseumen jokatu den EA Sports Ligako bederatzigarren jardunaldiko partidan. Gorritxoei sufritzea egokitu zaien partidan, etxekoek aurrea hartu dute lehen zatian Bertugen golarekin, baina Budimirrek markagailua parekatu du bigarrenean.

Norgehiagoka etxekoen nagusitasunarekin hasi da. Pixkanaka, Osasunak hobera egin du, eta bi taldeen hurbilketak ikusi ahal izan dira, baina area barruan eraginkortasunik gabe. Horren isla da lehen zati osoan jaurtiketa bakarra egin izana atera. Bryan Zaragoza eta Budimir izan dira aurkariaren atea gehien bilatu duten gorritxoak, baina talde bisitariak ez du minik egitea lortu.

21. minutuan iritsi da lehen jaurtiketa atera, eta lehen gola heldu da horrela. Solak erdiraketa egin du bigarren zutoinera, Bertugek lehia irabazi dio Boyomori, eta burukada ona eginda bidali du baloia sarera, gelditzeko ezinezkoa Sergio Herrerarentzat (1-0).

Gutxi gehiago izan da lehen zatian. Osasuna jokaldiak lotzen saiatu da, baina Getafek kontrola izan du une oro.

Aldageletatik bueltan, Madrilgo taldeak erasora jo du, eta abantaila handitzeko aukera izan du berehala. Solak aukera bikoitza izan du; lehenengoa atera sartzeko zorian izan da, baina Herrera ondo atera da jaurtiketa ixteko. Geroago, korner batean, gola egin du, baina baliogabetu egin dute, jokoz kanpokoa adierazita.

Osasunak, bere aldetik, baloiaren jabe egin da, baina kostatu egin zaio defentsa gainditzea. Ordubete igaro denean, Budimirrek baloia areatik kanpo jaso du, eta baloia bikain bidali du bigarren zutoinera, berdinketa jartzeko (1-1).

Golaren ostean, Getafek berriro agindu du zelaian, eta bisitariei defendatzea eta kontraerasoan irtetea egokitu zaie. Jokaldi horietako batean, Ibañezek ez du Bryan Zaragozaren jokaldi ona aprobetxatu, baloia gora jaurti baitu.

Azken minutuetan ere, sufritu egin du Osasunak, baina azkenean puntu bat bereganatzea lortu du.

Fitxa teknikoa:

1.- Getafe: Soria; Djene (Juan Iglesias, 46. min), Berrocal (Nabil, 83. min), Alderete, Diego Rico; Milla, Arambarri; Carles Perez, Uche (Alvaro Rodriguez, 74. min), Alex Sola (Risco, 74. min); eta Bertug (Borja Mayoral, 46. min).

1.- Osasuna: Herrera; Areso, Catena, Boyomo, Bretones; Ibañez, Torro (Moncayola, 59. min), Aimar Oroz (Moi Gomez, 79. min); Ruben Garcia (Raul Garcia, 59. min), Budimir eta Bryan Zaragoza (Ruben Peña, 79. min).

Golak: 1-0, 21. min: Bertug. 1-1, 60. min: Budimir.

Epailea: Jose Maria Sanchez Martinez. Txartel horia atera die Osasuna taldeko Torro, Boyomo, Moncayola eta Catenari, eta Getafe taldeko Djene eta Bertugi.