Itxi

Osasuna

EA Sports Liga

Osasunak indartsu jarraitzen du Sadarren, eta 2-1 garaitu du Las Palmas

I. G. | EITB MEDIA

Ez da gorritxoen partidarik onena izan, baina Budimirrek, penaltiz, eta Aimar Orozek sartutako golek hiru puntuak eskuratzeko balio izan diete.

  • Aimar Oroz bere gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Aimar Oroz bere gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak 2-1 irabazi dio Las Palmasi larunbat honetan Sadarren jokatu den EA Sports Ligako seigarren jardunaldiko partida. Ez da gorritxoen partidarik onena izan, baina Budimirrek, penaltiz, eta Aimar Orozek sartutako golek hiru puntuak eskuratzeko balio izan diete.

Kanarietako taldeak hobeto ekin dio partidari, eta gutxi behar izan du gorritxoen arean lehen aukera arriskutsua sortzeko. Catena oso adi egon da, Sandroren erasoaldi on batean, baloia penalti puntuan mozteko. Fabio Silvak proban jarri du Herrera geroago, kontraeraso azkar bat amaituta, baina jaurtiketa ahul atera zaio.

Bryan Zaragozaren galera oso garesti atera ahal izan zaie nafarrei. Essugok zelai erdi zeharkatu du abiadura handian, eta Moleirori pasatu dio, Herreraren aurrean bakarrik utzita. Atezain gorritxoa ez da kikildu, eta haren bila atera da, jaurtiketa estaltzeko eta bere taldea salbatzeko.

Boyomok gola sartu du falta baten aldaratzea jaso ondoren, baina jokaldia baliogabetu egin dute, aurretik eskuarekin ukitu baitu. Budimir ere gola egiten saiatu da Bryanen erdiraketa batean. Baloia ukitzeko adina luzatu da, eta zutoina jo du azkenean.

35. minutuan, epaileak Osasunaren aldeko penaltia adierazi du, Marmolek Budimirri area barruan heldu diolako. Aurrelari kroaziarrak jaurti du, eta ez du huts egin (1-0).

Pozak, baina, gutxi iraun die, korner batean Sandrok erdiraketa ezin hobea jarri baitu, Meleirok, bakar-bakarrik, berdinketa jartzeko markagailuan (1-1).

Las Palmasek bigarren gola sartu du bigarren zatia hasi eta berehala, baina epaileak baliorik gabe utzi du McBurnier jokoz kanpo zegoelako.

Gorritxoak ez dira euren jokoagatik nabarmendu. Hala ere, Aimar Orozek Ruben Garciaren pase bikain bat aprobetxatu du jaurtiketa gurutzatu batekin bere taldea aurretik jartzeko (2-1).

Talde bisitariak baloiaren kontrola hartu du hurrengo minutuetan, eta berdinketa bilatu du behin eta berriro, goiko aldean presionatuz eta Osasuna defentsa lan ona egitera behartuz.

Gorritxoak kontraerasoetan min egiten saiatu dira, eta Garcia de Harok gertu izan du gola. Dena den, horren jaurtiketa gurutzatua kanpora joan da, gutxigatik.

Etxeko taldeak emaitzari eusten jakin du azkeneraino, eta hirugarren garaipena lortu du horrela.

Fitxa teknikoa:

2 – Osasuna: Sergio Herrera; Areso, Catena, Boyomo, Bretones (Juan Cruz, 88. min); Torro; Ruben Garcia (Moi Gomez, 64. min), Moncayola (Pablo Ibañez, 88. min), Aimar, Bryan (Peña, 64. min); Budimir (Raul, 76. min).

1 – Las Palmas: Cillesen; Marvin (Viti, 45+6. min), Herzog, Mika Marmol (Sinkgraven, 45. min), Alex Muñoz; Javi Muñoz, Essugo (Mata, 75. min), Kirian, Moleiro (Januzaj, 75. min); Sandro (McBurnie, 46. min), Fabio Silva.

Golak: 1-0, 40. min: Budimir, penaltiz. 1-1, 42. min: Moleiro. 2-1, 60. min: Aimar.

Epailea: Diaz de Mera. Txartel horia atera die Bretones, Peña, Sandro, Marmol, Silva, Januzaj eta Marvin jokalariei.