Itxi

Osasuna

Etorkizuneko Taxoare proiektua

Taxoarek 2.800 zaleentzako estadio bat izango du, eta lau futbol zelai berri egingo dituzte bertan

EITB MEDIA

Osasunak, asteartean, Sadarren, Etorkizuneko Taxoare proiektua aurkeztu du; horretan, zehaztuta dago nola handituko duen Nafarroako klubak bere kirol hiria. 18 milioi euroko inbertsioa izango du, eta aurreikuspena da lanak 2025eko irailean hastea.

4:27

Osasunak, Taxoareko Kirol Hirian, belar naturala eta 2.800 zaleentzako edukiera izango dituen estadioa eraikiko du, eta, halaber, klubeko taldeak entrenatzen diren eta harrobiko jokalariek jokatzen duten instalazioetan, belar naturaleko bi futbol zelai eta belar artifizialeko beste bi egingo ditu. Hori guzti hori Etorkizuneko Taxoare proiektuaren barnean dago; Osasunak astearte gauean aurkeztu du egitasmoa, Sadarren. Proiektuak 18 milioi euroko inbertsioa izango du, horietako 13 Impulso Planekoak, eta aurreikuspena da lanak 2025eko irailean hastea, eta handitzea 2027-28 denboraldiaren hasieran estreinatu ahal izatea.

Testuinguru horretan, Osasunak, horrez gain, bi solairuko eraikina egingo du Taxoaren, "lehen taldeak bertan egin dezan eguneroko lana, eta, gainera, Sadarren egiten den bulego-jarduera jasotzeko", zehaztu du klubak.

Eraikiko duten estadio berria, 2.800 zaleentzako, "baliteke etorkizunean ere handitzea. Orain, ez da gauzatuko balizko handitze hori, baina aukera dago ateen atzean dauden harmailetan beste harmaila bana eraikitzea; hala, 5.000 toki izango litzateke". Estadio horretan, Osasunaren emakumezkoen taldeak eta Osasuna Promesasek jokatuko dute, etxeko talde gisa.

2021ean, Osasunak Taxoareko hainbat lur berreskuratu zituen, eta lanak lursail horietan egingo dituzte: "Berez, klubak 2004an bereganatu zituen lursail horiek, baina 2014an, zerga-zorraren zati bat kitatze aldera, Nafarroako Gobernuari saldu zitzaizkion. 2021ean, klubak 166.264 metro koadro berreskuratu zituen, 6,5 milioi euroren truke; orain, lur horietako zati bat baliatuko dugu, Taxoare punta-puntako kirol hirietako bat izateko", adierazi du, prentsa oharrean, Osasunak. Guztira, hamabi futbol zelai izango ditu Taxoarek, horietako bost belar naturalekoak.

Klubeko bazkideek ere gozatu ahalko dute instalazio berriez; izan ere, Aranguren Ibarrak utzi dio Osasunari, 20 urterako, 19.104 metro koadroko lursail bat, eta bertan 600 ibilgailu sartzeko moduko aparkaleku bat egingo dute.