Itxi

Osasuna

EA Sports Liga

Osasuna sendo batek Arrasateren Mallorca garaitu du Sadarren (1-0)

I. G. | EITB Media

Gorritxoek denboraldiko lehen garaipena lortu dute Ruben Garciak sartutako golari esker, Jagoba Arrasate Iruñera bueltan ekarri duen partidan.

  • Osasunako jokalariak gola ospatzen. Argazkia: EFE

    Osasunako jokalariak gola ospatzen. Argazkia: EFE

Osasunak 1-0 irabazi dio Mallorcari Sadarren jokatu den EA Sports Ligako bigarren jardunaldiko partidan, Jagoba Arrasateren itzuleran. Gorritxoak nagusi izan dira partida osoan zehar, eta lehen hiru puntuak eskuratu dituzte Ruben Garciaren golari esker.

Norgehiagoka nahiko lasai hasi da. Bi taldeak behin baino gehiagotan hurbildu dira aurkariaren areara, baina defentsako lan onak atezainak proban jartzea eragotzi du.

Lehen aukera argia Aimar Orozek izan du, defentsaren huts bat aprobetxatuz jaurtiketa gurutzatua egin eta aurkariaren atezaina besoak luzatzera behartu baitu. Darderrek urruneko jaurtiketa batekin erantzun du, baina Herrerak ez du arazorik izan baloia urruntzeko.

Ordu erdira, Ante Budimirrek banakako jokaldi bikaina egin du, eta gol ederra egiteko zorian egon da, baina Greifek galarazi dio.

Hurrengo jokaldian, Orozek berriro bilatu du gola, baina jaurtiketak zutoina jo du. Faltaz ere saiatu da, baina Mallorcako atezaina bolada onean zegoen.

Bigarren zatian, Osasunak nagusi izaten jarraitu du, eta hainbeste bilatu duen gola iritsi da. Oroz defentsarekin talka egin duten bi jaurtiketen bidez saiatu da berriro, Ruben Garciak aldaratzea hartu eta bere taldea aurretik jarri du (1-0).

Gorritxoak ez dira konformatu eta erasoan jarraitu dute. Bryan Zaragoza bigarren gola sartzeko zorian egon da, baina horren jaurtiketa kanpora joan da gutxigatik.

Markagailua kontra zuela, Mallorcak gora egin du markagailua iraultzeko asmoz, eta horrek hegoak eman dizkio Osasunari joko arinagoa egiteko. Horrela, talde bisitariaren pare bat aukera on alde batera utzita, nafarrek partidaren gidoia kontrolatzen jarraitu dute, eta denboraldiko lehen garaipena eskuratu dute.

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Sergio Herrera; Areso (Nacho Vidal, 78. min), Catena, Herrando, Abel Bretones; Moncayola, Torro, Aimar Oroz (Iker Muñoz, 78. min; Pablo Ibáñez, 83. min); Ruben Garcia (Moi Gomez, 71. min), Budimir (Raul Garcia, 78. min), Bryan Zaragoza.

0 - Mallorca: Greif; Maffeo, Valjent, Antonio Raillo, Johan Mojica; Sergi Darder (Abdon Prats, 85. min), Mascarell (Morlanes, 62. min), Samu Costa; Asano (Larin, 62. min), Muriqi, Dani Rodriguez (Antonio Sanchez, 79. min).

Gola: 1-0, 53. min: Ruben Garcia.

Epailea: Cordero Vega. Txartel horia atera die Osasunako Areso eta Sergio Herrera jokalariei.