Itxi

Osasuna

EA Sports Liga

Osasunak puntu bat lortu du Leganesen aurka Ligako lehen partidan (1-1)

I. G. | eitb media

Lehen zatian Diazek sartutako golari esker aurreratu dira bisitariak, baina Aimar Orozek, zorte pixka batekin, berdinketa jarri du markagailuan bigarren zatian.

  • Budimir eta Oroz Leganesen aurkako partidan. Argazkia: EFE

    Budimir eta Oroz Leganesen aurkako partidan. Argazkia: EFE

Osasunak berdinketarekin hasi du 2024-2025 denboraldiko EA Sports Liga, igo berri den Leganesen aurka bana berdinduta. Lehen zatian Diazek sartutako golari esker aurreratu dira bisitariak, baina Aimar Orozek, zorte pixka batekin, berdinketa jarri du markagailuan bigarren zatian.

Bisitariak hobeto hasi dira, eta Juan Cruzen gol batekin aurreratu dira, Javi Hernandezen pasea baliatuta (0-1). Borja Jimenezen mutilek partida hasi eta bi minutura sartu dute gola, baina baliorik gabe utzi dute jokoz kanpo zegoelako.

Bigarren zatian, gorritxoek 30 segundoan izan dituzte partidako bi abagune onenak; lehenengoan, Budimirrek jokaldi on bat bukatu du, baina bisitarien atezainak baloia desbideratu du. Jokaldi hori kornerrean amaitu da, erdiraketa Catenak errematatu du, baina Sorianok ondo atera ditu ukabilak gola saihesteko.

Vicente Morenok Bryan Zaragoza eta Juan Cruz sartu ditu ezker hegalean, eta Osasunak erasora jo du. Aimar Orozek bakar-bakarrik errematatu du ate aurrean, baina horren burukada gora joan da.

Brasanac Leganesen bigarrena sartzear izan da, baina Herrerak ondo luzatu du hanka gola saihesteko.

79. minutuan, azkenik, Osasunak saria aurkitu du, zorte apur batekin. Orozek areaz kanpotik jaurti du, baloiak defentsa bat jo du, ondoren zutoina eta azkenik atezaina, sarean amaitzeko (1-1).

Hiru minutura Bryan Zaragozak gola izan du bere botetan, baina atezainak zutoinera bidali eta gola eragotzi du.

Osasunak hainbat aukera izan ditu garaipena bilatzeko. Hala ere, ez da fin ibili, eta puntu bakarrarekin hasi du Liga.

Fitxa teknikoa:

1 – Osasuna: Herrera; Areso, Catena, Herrando, Bretones (Juan Cruz, 60. min); Iker Muñoz (Moncayola, 46. min), Torro; Ruben Garcia (Peña, 78. min), Moi Gomez (Bryan, 60. min), Aimar Oroz (Raul, 90+2. min); Budimir.

1 –Leganes: Soriano; Rosier, Arambarri (Lopez, 88. min), Sergio G., Javi Hernandez; Darko (Tapia, 88. min), Neyou; Cruz (Raba, 63. min), Cisse (Chicco, 73. min), Franquesa; Miguel (Diego Garcia, 88. min).

Golak: Cruz, 0-1 (24. min); Soriano, bere atean, 1-1 (81. min).

Epailea: Pulido Santana. Txartel horia atera die Osasunako Juan Cruz, Moncayola eta Herrando eta Leganeseko Rosier eta Soriano jokalariei.