Itxi

Osasuna

EA Sports Liga

Osasunak 1-1 berdindu du Vila-realekin, Jagoba Arrasaten agurrean

EITB Media

Osasunak eta Castelloko taldeak bana berdindu dute Sadarren 2023-24 denboraldiko azken partida. Budimirrek eta Moralesek sartu dituzte neurketako golak. Arrasatek azkenekoz zuzendu du Osasuna.

  • Osasuna vs Vila-real

    Osasuna vs Vila-real partidako jokaldi bateko irudia. Argazkia: EITB Media

Osasunak 1-1 berdindu du Vila-realekin Sadarren jokatutako EA Sports Ligako 38. eta azken jardunaldiko partida. Neurketa amaituta, Jagoba Arrasatek zaleen babesa jaso du, azkenekoz zuzendu baitu talde gorritxoa.

Nafarroako taldeak ondo ekin dio partidari. Zazpìgarren minutuan izan du lehen abagunea Osasunak, baina Budimirrek ez du ondo errematatu Ruben Peñaren erdiraketa. 13. minutuan, Sorloth Vila-realeko jokalariak min hartu du jaurtiketa bat egin ostean, eta berdegunea utzi behar izan du 23. minutuan. Moralesek ordezkatu du; beraz, norvegiarra Ligan gol gehien sartu dituen jokalariak lortzen duen Pitxitxi saria irabazteko aukerarik gabe geratu da, Dovbyk Girona taldeko aurrelariak Sorlothek baino gol bat gehiago sartu baitu.

Aurkariak aldaketa egin ostean, gorritxoek erasora jo dute. Osasunaren ekinak saria jaso du 31. minutuan; Budimirrek sartu du gola (1-0), Ruben Peñaren pasea baliatuta.

Ia jarraian, Vila-realek lehia berdintzeko aukera argia izan du, baina Moralesek ez du asmatu Aitor Fernandezek babestutako ate aurrean. Atsedenaldira heldu aurretik, gorritxoek bigarrena sartzeko abagunea izan dute; Aresoren jaurtiketa, ordea, Reina atezainak gelditu du.

Bigarren zatiaren hasieran, Vila-real izan da nagusi. Valentziako Erkidegoko taldeak abisua eman du 52. minutuan, langa jo duen Mosqueraren erremate baten bidez. Bost minutu geroago, Marcelino Garcia Toralek zuzentzen dituen mutilek ez dute barkatu; Moralesek banakoa jarri du markagailuan (1-1), Baenaren pasea jaso, Aitor Fernandez atzean utzi eta baloia sare barruan sartuta.

Ondoren, norgehiagokaren erritmoa baretu egin da, baina azken txanpan berriro piztu da sua. Partidako 84. minutuan, Reinak erantzun ona eman dio Peñaren jaurtiketari; 87.ean, aldiz, gola sartzeko aukera izan du Vila-realek, baina Aitor Fernandezek gelditu egin du Moralesen jaurtiketa.

Luzapenean, Moralesek sartutako gola baliogabetu du epaileak, Vila-realeko jokalaria jokoz kanpo zegoelako baloia hartu duenean.

Hortaz, 1-1eko emaitzarekin bukatu da partida.

Fitxa teknikoa:

1 - Osasuna: Aitor Fernandez: Areso, Catena (Unai Garcia, 80. min), Herrando, Mojica; Torro (Moncayola, 66. min), Iker Muñoz, Ibañez (Moi Gomez, 66. min); Peña, Budimir (Raul Garcia de Haro, 59. min), Aimar (Arnaiz, 80. min).

1 - Vila-real: Reina: Kiko Femenia, Mandi, Mosquera, Cuenca (Parejo, 64. min); Trigueros, Comesaña, Baena (Guedes, 64. min); Traore, Sorloth (Morales, 17. min), Terrats (Akhomach, 79. min).

Golak: 1-0, 31. min: Budimir. 1-1, 57. min: Morales.

Epailea: Melero Lopez. Txartel horia atera die Iker Muñoz, Peña, Arnaiz eta Unai Garcia Osasunako jokalariei, baita Baena, Mosquera eta Traore Vila-realeko futbolariei ere.