Itxi

Osasuna

EA Sports Liga

Osasunak porrota jaso du Betisen aurka (0-2)

L.U. | EITB MEDIA

Nafarroako taldeak 0-2 galdu du Andaluziako taldearen aurka. Mirandari erasoan falta egiteagatik Moncayola kanporatu izanak partidaren bilakaera markatu du. Ayoze eta Fornals izan dira golegileak.

  • Osasuna vs Betis

    Osasuna vs Betis Argazkia: EFE

Osasunak 0-2 galdu du Betisen aurka Sadarren EA Sports Ligako 34. jardunaldiko partidan. 27. minutuan, Moncayolak txartel gorria ikusi du, Mirandari erasoan egindako faltaren ondorioz, epaileak VAReko monitorean gertatutakoa ikusi ostean. Txartel horrek erabat baldintzatu du partidaren bilakaera. Osasunaren estadioko giroa berotu egin da, eta Betisek berehala aprobetxatu du nagusitasun hori. Ayoze eta Fornals izan dira bisitarien golegileak.

Partidako lehen minutuetan, gorritxoek goian egin dute presioa, baina lehen gol aukera 10. minutuan izan du Betisek. Ayozek zutoin ondora jaurti du, eta Sergio Herrerak geldiketa bikaina egin du. 5 minutu geroago, talde gorritxoaren erantzuna etorri da, Mojicaren jaurtiketa batekin, baina Rui Silvak babestutako ateko sarearen hegala jo du.

27. minutuan, Moncayolak txartel gorria ikusi du, Mirandari erasoan egindako falta baten ondorioz, epaileak gertatutakoa VAReko monitorean berrikusi ostean. Jokalari gorritxoak bota altxatu du erdiraketa bat errematatzeko, eta Mirandari buruan jo dio (Moncayolak ez du Miranda ikusi). Txartel gorri polemiko horrek partidaren bilakaera baldintzatu du erabat.

Jokalari bat gutxiagorekin egon arren, Osasuna Betis baino hobeto aritu da, baina 40. minutuan Ayozek aurretik jarri du talde bisitaria (0-1). Eskuinetik egindako erdiraketa bat penalti puntutik errematatu du Ayozek, eta Sergio Herrera gainditu du. Jokaldi horretan, Jagoba Arrasatek gorria ikusi du García Verduraren aurkako protestengatik.

Zelaian gehiago zirela aprobetxatuz, Betisek bigarren gola sartu du atsedenaldira joan aurretik. Willian Josek atzean utzi du Herrando, eta ateko marra ondoraino iritsi da, bigarren zutoinean jarri du baloia, eta Fornalsek nahi bezala egin du gola (0-2).

Zailtasunak zailtasun, Osasunak ez dio partidari aurpegia galdu, eta bigarren zatian markagailua iraultzen saiatu da, baina Catenaren eta Iker Muñozen erremateek zutoina jo dute. Sadarrek txalotu egin du etxeko taldearen erantzuna, gorritxoak azkenera arte saiatu baitira.

Jagoba Arrasateren taldea, salbazioa matematikoki lortuta duela, taularen erdialdean dago.

Fitxa teknikoa

0 – Osasuna: Sergio Herrera; Areso (Juan Cruz, 82. min), Catena, Herrando, Mojica; Moncayola, Iker Muñoz (Huarte, 82. min), Pablo Ibañez (Torro, 66. min); Ruben Garcia (Arnaiz, 66. min), Raul, Peña.

2 – Betis: Rui Silva; Sabaly, Pezzella (Sokratis, 46. min), Chadi Riad, Miranda (Abner, 46. min); Guido Rodriguez, Johnny Cardoso (Rodri, 73. min); Fornals (Carvalho, 74. min), Fekir (Abde, 86. min), Ayoze; eta Willian Jose.

Golak: 0-1, 41. min: Ayoze. 0-2, 48. min: Fornals.

Epailea: Garcia Verdura. Txartel horia atera die Unai Garcia eta Ruben Garcia Osasunako jokalariei, eta gorria Moncayolari (24. min) eta Jagoba Arrasateri (41. min). Horrez gain, txartel horia atera die Miranda eta Rui Silva Betiseko jokalariei.