Itxi

Osasuna

Mediku-txostena

Budimir ospitaletik atera da, baina bajan egongo da hilabete batez, gutxienez

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Osasunako jokalariak hiru saihets hautsi zituen Valentziaren kontrako ligako partidan amaieran izandako kolpe baten ondorioz. Klubak azaldu duenez, datozen bost partidak galduko ditu.

  • Budimirren artxiboko argazki bat

    Budimirren artxiboko argazki bat

Osasunak asteazken honetan iragarri duenez, Ante Budimirrek ospitaleko alta jaso du, bi gau Nafarroako Unibertsitateko Klinikan pasa ostean. Valentziaren kontrako ligako partidan amaieran izandako kolpe baten ondorioz, hiru saihets hautsi zituen, eta gutxienez hilabetez bajan egongo da.

Talde gorritxoak azaldu duenaren arabera, "astelehen goizaldean egindako probetan, saihetseko hausturez gain, neumotoraxa duela ere ikusi da".

Alta jaso eta astebetez atseden hartu beharko du Budimirrek. Ondoren, erradiologia-kontrola egingo diote. Hobera egiten duela ikusiz gero, aurrelariak lanean hasi ahalko du bakarka. Hilabeteren buruan, lesioak berrikusiko dizkiote, taldearekin entrenatzen hasteko.

Beraz, oraingoz, Rayo Vallecano, Granada, Betis, Athletic eta Mallorca taldeen kontrako norgehiagokak galduko ditu kroaziarrak. Ikusiko da Atletico Madrilen eta Vila-realen aurreko hitzorduetan jokatzeko moduan denetz.